Arazoak azaroan
Aurten ere bero dago Donostia. Duela urtebete idatzi nuen astekarirako lehen zutabea, eta orduan ere esan nuen Donostia bero zegoela. Bero dago dena, bai tenperatura eta baita giroa ere. Gaurkoan, ordea, ez naiz aldaketa klimatikoaz edo gure hirian ibilgailu motorizatuek duten gehiegizko espazioaz hitz egitera etorri.
Urtebete pasa da Aranzadik Irulegiko Eskua aurkitu zuenetik; giriek jarraitzen dute urteko sasoi honetan nonahi; Donostiako aireportuak inoizko urririk onena izan du (Bilbo eta Gasteizkoek ere bai); BCC aurrera doa bere proiektuarekin; Behobia-Donostia lasterketa izan da aurreko asteburuan; udalbatzak argi berdea eman dio San Bartolomeko proiektuari eta lau solairuko aparkalekua izango du; Israelek hilabetetik gora darama Palestinako herria bonbardatzen eta hirian Palestinaren aldeko mobilizazioek ez dute etenik; Nobu hotela itxiarazi dute irregulartasun batzuk zirela medio; Zaporeak elkarteak 30.000 kilo janari bidali ditu Lesbosera; milaka lagun kalera atera dira osasun sistema publikoaren alde; olatu erraldoiak izan ditugu gure kostaldea kolpatzen…
Hilabete mugitua izan da, ez dago dudarik. Donostia mugitu duten gertaerak egon dira. Horietatik zeinek mugitu gaitu? Zerk astintzen dizkigu barruak? Eta zerk ez? Nor sumatzen dugu faltan? Noren usain eta goxotasuna nahiko genituzke berriro nabaritu? Zerk korapilatzen digu eztarria? Aldiz, zerk korapilo horiek askatu? Zerk sentsazio horiek gogora ekarri eta irribarre eginarazi? Malkoren bat tarteko, zerk sabelaldean indarra eman?
Sentsazioak sentsazio, gertaera horien guztien aurrean zein rol jokatzen dugu donostiarrok? Eragiten diguten gertaerak izan badira, besterik gabe utziko diegu barruak astintzen? Nostalgiaz bizitako gertaeren korapiloak gugan betikotzen? Kantu batek dio erabakitzen ez badugu itoko garela. Eta hala da, gure kabuz egiten ez badugu norbaitek hartuko ditu erabakiak. Gure gustukoak batzuk, eta beste batzuk ez. Nolako hiria nahi dugun adierazten ez badugu jai dugu. Nola zainduak izan nahi dugun adierazten ez badugu, beste batzuek erabakiko dute nola zainduko gaituzten.
Horregatik, eta beste mila arrazoigatik, hilaren 30ean greba feminista orokor baterako hitzordua dugu.