Arduragabeak
Arduragabeek ekarri gaituzte honaino. Kolektiboan pentsatzeko garaia heldu denean haiek berera jarraitu dute. Ez dute onartu inork esatea noiz amaitu behar duten haien festa, eta zeintzuk izan behar duten haien lehentasunak. Murgak adierazi zuen bezala, haiek festa giroan egon direlako daude orain hainbat lagun ZIUan estu eta larri. Ziur ez duzuela asko pentsatu behar horrelako arduragaberen bat identifikatzeko. Ez dira gehiengoa baino haien jarrerak guztiongan du eragina. Eta agian hasi beharko genuke zerbait esaten arduragabeei, akaso edukazio gehiegiz jokatu dugu orain arte. Norbaitek esan beharko die gure bizitzak haien festaren gainetik daudela.
Alarma egoera ezarri baino egun batzuk lehenago izan genuen arduragabeen makro-festa baten berri. Donostiako metroaren lanak bertan behera utzi eta berriz lizitatzeko asmoa adierazi zuen jaurlaritzak, hondartzaren azpian hondarra eta ura topatu zituztelako, eta, noski, ustekabe honek nabarmen garestituko zuelako hasieratik estratosferikoa zen aurrekontua. Honen aurrean, barkamena eskatu eta diru hori osasun larrialdira bideratu beharrean, hordagoa bota eta festarekin aurrera jarraitzea erabaki zuten arduragabeek. Bitartean osasun langileak txaloekin elikatzen jarraitu beharko dute; hori bai, hau amaitzerakoan Kontxako hondartzara metroan joan ahalko dira atseden hartzera.