
Azaroaren 18an bagerakideok gure elkartearen 25. urteurrena ospatu genuen. Bilintxek eta Juana Bixenta Olabek hasiera eman zioten egunari –pentsa, XIX. mendekoak eta oraindik ere euskaltzale amorratuak–, eta Nerea Arriola aktoreak –ez omen da euskaltzalea, sinesten badiogu– bukaeraren sarrera.
San Telmo museoan izan genuen ekitaldian, baita Zurriola ikastolako bazkari ederrean ere, umorea eta poza gakotzat hartu genituen, modu horretan euskararen edertasuna eta alaitasuna islatu nahi genituelako. Besteak beste, Kike Amonarrizek galdera zail-zailak egin zizkigun –ea argazki bat arratsaldeko hiruretan edo lauetan eginda zegoen, esaterako–, eta Haatik dantza taldeak liluratu gintuen airetatik atera zuten magiarekin.
Eta euskararen aldeko grina duten 25 donostiar txalotu genituen: irakasleak, auzotarrak, idazleak, dendariak… Euskarak euskaldunak egiten gaitu, eta, noski, euskara bizirik dago euskaldunon ahotsetan, buruetan eta bihotzetan; eta ahots, buru eta bihotz horiei esker bizirik dago.
Larunbatean gure taldea adin guztietako lagunez osatuta zegoen: oraindik euskaldunak ez diren haurtxo pare bat, baita ia laurogeita hamar urte dituzten aitzindari bi. Elkartearen hasieratik dauden lagunak ibili ziren, baita geroago etorri garenok ere.
25 urteotan Bagerak jarduera ugari antolatu ditu: mintzalagunak, Izarrak plazara, Bagera Kulturalak… Egitasmo guztiek asmo bat bakarra izan dute: euskararen aldeko lana egitea, ezagutzari dagokionez, baita hizkuntzaren erabilera bultzatzea ere. Emaitzak neurtzea ez da erraza, baina lagintzat har dezagun data bat: aurten Bageraren Mintzalaguna programan 400 lagunek baino gehiagok parte hartuko dute.
Egunaren bukaera Añorgako Gaztelumenditarren esku zegoen, eta –Joserra Belokik lagunduta– borobildu egin ziguten ospakizuna. Anaiak baino lehenago, Nerea Arriolak barrez leher eginda utzi gintuen, eta euskaltzale ez dela esan zigun. Azken hori ez dakit egia den, baina, nolabait, horrela izango balitz, euskararen sasoi ona islatuko luke: hizkuntzak gure laguntzarik behar ez balu, kale guztietan, erakunde eta denda guztietan lasai erabiliko genuke. Lagun guztiekin, eta gustura.
Beraz, paradoxa bada ere, Bagera desagertzea arrakasta izango litzateke: euskara normaltasun osoz erabiltzearen ondorio izango bailitzateke. Momentuz, aldiz, gauzak ez dira horrela, eta bagerakideok gure bidean jarraituko dugu, euskararen aldeko ekintzak bultzatzen, eta horiekin gozatzen. Gauzak umorez eta pozez egin nahi baititugu.
Aritz Branton, Bagerako zuzendaritzako kidea