Aritz Gorrotxategi: 'Ohiturak'
San Tomas ospatzen da gaur Donostian, txerriaren eguna. Urtarrilean, berriz, San Sebastian. Kaldereroak ondoren, inauteriak hurrena. Aste gutxiren buruan, hiriko jai garrantzitsuenetako batzuk izango ditugu hurrenkeran. Txerria aipatu dut arestian, txerriarena tradizioa baita San Tomasen, aldatu ez den ohitura (aldatu dena izena izan da, Santo Tomasetik San Tomasera). Hala ere, mundua dezente aldatu da azken hamarkadotan. Zer esanik ez, animaliekiko eta janariarekiko dugun begirada. Gero eta gehiago dira zezenketen aurka daudenak, animalientzat tratu hobea eskatzen dutenak, izaki bizidun baten agonia digeritu —eta ikusi— nahi ez dutenak. Eta elikaduraz ari garela, komeni da kontuan izatea sei kaloria begetal behar direla txerri kaloria bakarra lortzeko.
1950. urtean 50 milioi tona haragi jaten ziren urtean munduan. Orain, ia sei aldiz gehiago, eta, aurreikuspenen arabera, berriro bikoiztuko da zifra 2030ean. Labur esanda, gure behar kalorikoen oso gainetik jaten dugu, lehen munduan behar duguna baino askoz haragi gehiago jaten dugu, eta horrek kostu handia dakar, diru- eta ingurumen-kostu handia alegia. Bestela esanda, haragia berdintasunik ezaren metafora biribila da.
Ez naiz sartuko hiltegien kontuan, baina gauza jakina da hiltegietakoak gutxi duela eutanasia gozotik. Are gehiago, txuleta-zale amorraturenak ere nekez jasango lituzke animalia horien min-txilioak. Baina gure gizartean gauza asko bezala, hori ere ezkutuan eta isilpean egiten da.
Guztiarekin, txerriaren ohiturarekin tematzen gara, hausnarketarik egin gabe, mugiezin, ohituraren gurpil itsuari jarraiki. Alabaina, agian, gure festa handia zaharkituta geratu da, inertzia arkaiko bat da, eta ez dator bat gure gaur egungo pentsamolde eta izaerarekin. Ohiturak aldaezinak eta sakratuak direla esango du baten batek. Eta krudelak badira? Begira, adibidez, Lekeitioko antzararena eta antzeko beste hamaika kasu. Gauzak aldatu eta hobetu daitezke. Ez al dugu aldatu Realaren ereserkia inklusiboagoa izateko?