
«Antonio Basagoiti Pastor (Madril, 1969) bizkaitar politikaria eta bankaria da. 2008tik 2013 arte, Euskadiko Alderdi Popularraren buru izan da, eta gaur egun Banco Santander banketxearentzat lan egiten du Mexikon».
Wikipediak Antonio Basagoitiri buruzko artikulua aldatu du dagoeneko, PPren agintaritza utzi eta Mexikora joatearekin batera, eszedentzia bat baliatuta. Hain zuzen ere, 2008ko irailean, Euskadiko Alderdi Popularreko buru Maria San Gilek bere karguari uko egin ondoren, Euskadiko Alderdi Popularraren presidente aukeratu zuten. Orduz geroztik, ez da oharkabean pasa; adierazpenak egin ditu han eta hemen, eta pasarte ugariren protagonista izan da hemen eta han.
Horietako bizipen baten lekuko Donostia izan zen, eta herritar askoren gogoan dago oraindik iltzatuta, Wikipediak aipatzen ez duen arren. Loiolako Erriberako futbol zelaian gertatu zen, 2010eko uztailaren 1ean. PPko buruak Nuevas Generaciones gazteen aurka futbolean aritu ziren, urteroko partidan. Ramon Gomez eta Iñigo Arkauz zinegotzi donostiarrak bertan izan ziren, Basagoitiren talde berean.
Bizkaitarrak, Athleticen elastikoa soinean, Espainiako selekzioaren aldeko adierazpenak egin zituen norgehiagoka abiatu aurretik, Euskal Herrian Munduko Txapelduna izango zenaren partida bat antolatzea beharrezkoa zela aldarrikatzeko, «euskal herritarrek asko jarraitzen dutelako Munduko Txapelketa, eta azken 40 urteetan ezin baitugu selekzioarekin gozatu, erailketak zirela medio». Hitzak hitz, partida hasi eta Basagoitik min hartu zuen. Eskuin hankako –eskuina, nola ez– peronea eta txorkatileko lotailu bat hautsi zituen.
Zorte txarra izan zuen orduan, baina zorte onekoa da berez; krisi garaian gauden honetan, ilararik ez baitu egin Lanbiden, politika utzi duen arren. Banestoko presidentearen seme izateak halako sariak dakartza.