Aritz Sorzabal, kazetaria.
Aurten ere ez naiz Durangon izango, ez Estatuan, ez bertako hiriburuan, ezta uda partean ospatzen duten azoka entzutetsuan ere. Sekula ez naiz bertan izan, herrialdez herrialde aritzea ez baita merkea, eta denbora behar delako halako bidaia luze batekin gozatzeko. Durango ere ez dut inoiz bisitatu, arrazoi beragatik. Gainera, herri txiki hau baino lehenago beste hainbat txoko ditut pendiente, nahiz eta munduko arroila ezagunetako bat gertu egon. Hegazkina behin hartuta, Atlantikoa zeharkatuz gero, nahiago nuke beste norako batzuk ezagutzea. Honela, datorren astean Durangora joatearekin konformatu beharko nuke, baina ihesalditxo hau ere baztertu dut. Abenduko zubian lana egitea egokitu zait; horrenbestez, Donostian geratuko naiz, zintzo-zintzo, guardia egiten, hemen ere behar gaituzte eta. Bidesaria ez dut ordainduko, behintzat, baina, hori bai, urtero azokaren etorrerarekin egin ohi dudan gogoeta egiteari ez diot utziko.
Durango, Durango eta Durango. Bata Mexikon, bestea Coloradon eta azkena Bizkaian, beste biak baino eskurago, baina ez horregatik munduko zilborra, egunotan askok aldarrikatuko duten modura. Durango gehiago daude munduan, San Sebastian bakarra ez dagoen bezala, Serafin Barojaren abestiak kontrakoa dioen arren. Halaber, politikoki zuzena ez den arren, aitortuko dizuet mesfidati nagoela azokarekin; Bizkaiko Durangon antolatzen dutenarekin, alegia, Mexiko aldean egiten dutenari buruz hitz egiteko ez baitut nahikoa informaziorik. Ez naiz liskarretan sartuko, baina onartuko didazue arraroa izan zela azokako zuzendariarekin –zuzendari ohi dagoeneko– duela hilabete batzuk gertatutakoa, edo duela urte batzuk Hiru argitaletxeari egindakoa –agur bero bat Alfonso Sastreri eta Eva Foresti, zauden lekuan zaudela–. Dena den, bakoitzak bere iritzia eraikitzeko libre izan dadin, iskin egingo diot gaiari; ez, ordea, gaurtik asteartea arte Donostiako kaleetan aldarrikatuko duten leloari: Euskarak 365 egun. Hala izan beharko luke, baina ez da hala, euskal liburu eta diskoak erosteko garaian gertatzen den bezala.
Durangora begira –edo Gabonei begira?– igaro ohi dute urtea hainbat herritarrek, euskal artisten ekoizpenak erosteko orduan. Data hauetarako musika taldeek eta idazleek lan berriak argitaratzen dituztela aitzakipean, urteko gainontzeko egunetan ez dira liburuak eta diskoak existitzen askorentzat. Eta berdin esan daiteke euskarari dagokionez, abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Egunaren harira.
Orain, abenduan ez ezik, gainontzeko hilabeteetan ere euskara kontsumitzeko eta erabiltzeko garaia badela esatea izango litzateke egokiena. Baina, esaldi hori ere topiko bihurtu da, aldarrikapenetatik ekintzetara igarotzeko deia bezala. Zer geratzen zaigu orduan? Nire kasuan, iritzi artikulu hau bukatu, eta isilpeko lanarekin jarraitu, Irutxuloko Hitza ez baita abenduko moda bakarrik, askoz gehiago da, zenbaitek merezi duen balorea ematen ez dioten arren.