Aritz Sorzabal: 'Nork?'
Euskal Telebistako lagunak Irutxuloko Hitzako erredakzioan izan ziren asteartean, Euskal Herria Zuzenean saioan gure hedabidearen egoera larriaren berri emateko. Nereak, Estitxuk eta Lidek erantzun zituzten kameraren aurrean egindako galderei, oso txukun, kazetari finak direla frogatzeaz gain, Irutxuloko Hitza barru-barruan daramatela erakutsi eta gero. Agurtzanek eurak bezain ondo hitz egingo zukeen erredakzioan izanez gero, baina, murrizketak direla eta, kazetari nafarrari ez zaio aste honetan lanera etortzea egokitu. Karmele gora eta behera ibili ohi da, bileraz bilera; hark ere ez zuen astearteko une hunkigarria bertatik bertara bizitzeko aukerarik izan. Hunkigarria izan zela diot, Nereak, Estitxuk eta Lidek ez zutelako zuzendari honen beharrik izan Irutxuloko Hitzaren egoera zehatz-mehatz azaltzeko eta Donostiarentzat proiektua zein garrantzitsua den adierazteko. Euren atxekimendua txalotzekoa da, hilabetero 200 euro gutxiago jasotzeko hartutako erabakia adibide, Irutxuloko Hitzak momentuz bizirik iraun dadin.
Kazetari talde honekin harro nago, ez bakarrik asteartean gertatutakoagatik. Astekaria zein webgunea albistez osatzeko garaian oso garbi dituzte gauzak. Zuzendari honek ia ez ditu aginduak ematen; ez da beharrezkoa, albistea behar bezala emateko bide egokia zein den berehala identifikatzen baitute kazetariek, Irutxuloko Hitzan lan egiteko jaioak dira eta. Hurbilak eta konprometituak dira, eta auzoetako gai txikiak handi bihurtzen dituzte, tokian tokiko berriekin sentsibilitate berezia dutelako. Hain zuzen ere, hori da gure komunikabidearen berezitasuna: eguneroko gai potoloen berri emateaz gain, beste hedabideek ematen ez duten hori lau haizetara zabaltzea. Euskaraz, gainera. Herritarrek gauza asko dituztelako kontatzeko, agintariek, Realak edo donostiar ezagunek baino gehiago, kasu askotan.
Donostiar horien ahotsa izaten jarraitu nahi dugu, zalantzarik gabe. Hala ere, giza baliabideak primerakoak diren arren, kazetariek lanarekiko eta proiektuarekiko erakutsitako konpromisoa ez da nahikoa izango Irutxuloko Hitza bizirik mantentzeko. Gizartearen laguntza behar dugu, harpidedun berriak eta sustatzaile gehiago behar ditugu. Hori lortu ezean, Irutxuloko Hitzak pertsiana itxi beharko luke. Eta hedabide hau desagertuko balitz, nork kontatuko lituzke Donostiako auzo eta herritarren istorio txiki-handiak?

