Aritz Sorzabal: 'Tortikolisak jota'
Aritz Sorzabal, kazetaria.
Nor ez da noizbait lepoko minez jaiki, ezin mugituta? Masajistarengana joaten gara kasu horietan, eta uzkurdura bat dela esan ohi digu errieten artean; ohiturak aldatu behar ditugula, ordenagailuaren aurrean behar bezala eseri behar garela, lepoa babestu behar dugula, tentsioak alboratu behar ditugula…
Ez dakit Donostiako Udaleko oposizioko zinegotziak lepoko minez esnatu ohi diren –nire iturriak ez dira euren ohean gertatzen denaren berri jakitera iristen–, baina hobe lukete, masajistaren gomendioak aintzat hartuta, gaitza etorri aurretik neurriak hartzea.
Hain zuzen ere, kezkatuta egoteko arrazoiak dituzte haien lagunek eta senideek –baita lankideek ere, baja hartuko ote duten beldur–, tortikolisak jota bukatzeko bidean baitira. Ezker-eskuin, gora eta behera begira igarotzen dute eguna, ikur, pankarta edo plaka susmagarrien bila. Narrika kalean, Konstituzio plazan, udaltzabar aretoan bertan… pegatina txikiena ere ez da oharkabean pasa haien begien aurrean, azken udalbatzarra adibide.
Ikusmena, behintzat, inork baino zorrotzagoa dute; lepoa, ordea, zaindu beharko lukete berandu izan baino lehen.
Ez dut masajistarena egin nahi, kazetaria izatearekin nahikoa baitut –eta nahikoa intrusismo dago kazetaritzan–, baina lerro hauetatik gomendio bat luzatuko nieke oposizioko kideei: ezker-eskuin, gora eta behera begiratzen ibili beharrean, hobe lukete burua zuzen jarri eta aurrera begiratzea; euren eta herri honen osasunerako mesedegarria izango da. Izan ere, gatazka gainditzeko garaia da, ez iraganeko liskar antzuekin jarraitzeko unea. Horrenbestez, ez dezagun aukera pasatzen utzi. Ez dezagun hainbeste atzera begira, tortikolisak jota bukatu nahi ez badugu behintzat.