Armagintza eta Euskal Herria (II)
Guk NATOri ezetz esan genion. Hori horrela da, baina gure gainetik agintzen dutenek ez dut uste gertakizun horri kasu handirik egiten diotenik. Bueno, guri balio digu estutzen gaituztenean edo argi eta garbi esateko guk ezetza eman geniola munduko indar militar basatienari eta bortxatzaileenari.
Azkenaldian, behin eta berriz esaten ari zaizkigu diru gehiago gastatu beharko genukeela armak egiten, gerrarako prestatzen, baldin eta behintzat, orain arte bezala bizi nahi badugu.
Europatik datozkigun berriak ez dira bakearen aldekoak. Ari zaizkigu esaten gehiago gastatu behar dugula armak egiten, indartsuagoak izan gaitezen: aurrekontuen %2 ez ezik, %5era igo beharko genukeela Europaren defentsan, armak egiten geure herriak defenditzeko, horrela AEBri erosi ordez. Europako armagintza industria garatzea estrategikoa dela. Eta armak egin nahi dituenari horretarako dirurik ez zaiola faltako.
Gasteizkoak talde antimilitaristak liburu bat argitaratu berri du diskurtso gerrazaleen azterketa eginez: Conversíon de la industria militar en Euskal Herria para no fabricar más guerras/Armagintzaren industriaren moldaketa Euskal Herrian, gerra gehiago ez sortzeko.
Duela hamabost urte egin zuten ikerketa batean, 70 enpresa, ikerketa zentro edo erakunde identifikatu bazituzten, orain, 206 identifikatu dituzte. Horietatik, 187 enpresak dira, hamaika zentro teknologikoak, bost unibertsitateak eta hiru finantza erakundeak. Armagintza hirukoiztu egin da.
«Sindikatuen, herri mugimenduen eta jendarte osoaren indarra beharko da, tankeak eta lehergailuak egiten dituztenak beste mota bateko makinak egiten hasteko»
Lehen, armagintzan ari zirenak lotsatu egiten omen ziren, eta orain, berriz, ez. Alegia, iritzi publikoa aldatzen ari omen da. Hori sinetsarazi nahi digute. Hala ere, sindikatuak eta armagintzaren aurka ari direnak, behinik behin, produkzio militarra, produkzio zibilagatik ordezkatzea nahi dute, nahiz eta zaila dela aitortu eta jendarte osoaren ahalegina behar dela hori gauzatu ahal izateko baieztatu.
Sindikatuak prest daude aldaketa hori egiteko, baina diote igerilekura salto egiteko urez beteta dagoela ziurtatu behar dela. Eta hori da kontua.
Munduan zehar badira aldaketa hori posible dela adierazten duten adibideak, hala nola, Lucas Aerospace Erresuma Batuko enpresan, aeronautika arloko Europako handienean, gertatua.
Euskal Herrira etorrita, berriz, CAFeko Langile Batzordeak Israelen lur okupatuetan trena ez egiteko ematen ari den borroka ere eredugarria deritzote. Hau da, lantegiko langileek gehi herri mugimenduak, bat eginik, borrokaren bidez, enpresari galaraztea trena jartzea.
Egia esan, oso zaila dela baderitzote ere, armagintza industriaren eraldatzailerako proposamen antimilitarista auzo lan erraldoi baten bidez lor daitekeela ikusten da. Denon ahalegina beharko du izan aldaketa horrek, egikaritzeko. Sindikatuen, herri mugimenduen eta, azken finean, jendarte osoaren indarra beharko da, tankeak eta lehergailuak egiten dituztenak gizartearen onerako eta etorkizun baketsurako beste mota bateko makinak eta gailuak egiten hasteko, igerilekua urez beteta dagoela salto egiteko, alegia.