Armagintza Euskal Herrian
Duela hiru bat hilabete, liburu baten berri eman zuten Koldo Mitxelenako areto nagusian. Liburuaren titulua: La Saga de los Aperribay, eta Kaxilda liburu denda izan zen aurkezpena egiteaz arduratu zena. Tituluan irakurtzen dena Gipuzkoako familia ezagun baten izena da, hain zuzen, Realeko egungo presidentearen familia dago izenburuan.
SAPA (Sociedad Anonima Placencia de las Armas) 1935ean sortutako lantegia da, urte askoan Soraluzen kokatua egon bada ere azken urte hauetan Andoainen du egoitza eta lantegia, Soraluzekoa itxi baitzuten.
Armagintzaren historiara jotzen badugu, esan behar da Soraluzen eta inguruko herrietan ( Eibar, Elgoibar…) hainbat mendez armak egin izan dituztela baieztatzen duen informazioa aurki daitekeela; gutxienez, Erdi Aroaren amaieratik. Hortik letorkioke Soraluzeri Placencia de las Armas izena.
Baina, historia utzi ( horretarako hor duzue Internet ) eta goazen gertukoa kontatzera. Egun, Euskal Herrian armagintzaren arloko zenbait lantegi daude (SENER, ITP, Aernnova, Trebelan…), baina, horien artean, Andoaingo SAPA da nagusiena eta ezagunena. Lantegi horretan, 200 bat langilek dihardute lanean, eta langile horietako asko kualifikatuak dira; alegia, ingeniariak, eta abar. Eta, enpresa horretako gerentea Jokin Aperribai da, hau da, Realeko egungo presidentea.
SAPA lantegiak duen ekoizpen nagusia tankeentzako piezak eta kanoiak egitea da, eta bere merkatua ez da mugatzen estatura. Izan ere, Europara, AEBetara eta beste herrialde askotara ere zabalduta dago. Beste modu batera esanda, heriotzaren merkatua deitu dezakeguna mundu zabalera hedatua dago.
SAPA lantegiak diru laguntzak jasotzen ditu estatuko Defentsa Ministeriotik, Eusko Jaurlaritzatik eta Foru Aldunditik. Diru laguntzak jasotzeaz gain, EHU-rekin eta beste hainbat ikastetxerekin eta Lanbide heziketako ikastetxerekin ere elkarlanean aritzen da.
Beraz, ikusten den moduan, oso errotua dago gure munduan eta normala bailitzan ikusten da horrela izatea. Sindikatuek ere normaltzat jotzen dutela dirudi, nahiz eta Euskal Herriak NATO-ri ezetza eman zion, nahiz eta bere eginkizun nagusia ahalik eta arma hilkorrenak ekoiztea izan. Badirudi lanpostuak direla garrantzitsuena, kontuan izan gabe ekoizten duten horren bidez munduan (Saudi Arabian, Abu Dhabin, Omanen, Turkian…) errugabeen heriotza eragin.
Gainera, dirudienez, SAPA oso enpresa eraginkorra da armagintzan, punta-puntakoa, armak ekoizteari dagokionez. Nazioarteko hitzarmenek herrialde batzuetan armak saltzea debekatzen dute, baina herrialde horietan ere saldu izan ditu bere armak, esaterako, Iranen.
INDRA da Espainiako Estatuko armagintza enpresa nagusia, eta, dirudienez, etorkizunera begira eraiki berria dena. Bada, hor ere SAPA presente dago, akzioen %10arekin, eta sartu berri da enpresa horretako kontseilari Jokin Aperribai.
SAPA-k ez du funtzionatzen gainontzeko enpresek bezala. Esan dugun moduan, diru laguntzak jasotzeaz gain, ez du fiskalizaziorik, alegia, kontuak ez dizkio inori ematen. Gogoratzen duzue orain dela urte batzuk (2010eko urtarrilean) Bruselan aurkeztu zutela «hiriko» auto elektrikoa, ibiltzea lortu ez zuen ibilgailu fantastikoa? Bada, proiektu horretan ere %10eko parte hartzea zuen SAPA-k. Proiektu horrek porrot egin ondoren, inork ez zuen errurik ordaindu, milioi bat eurotik gora xahutu bazen ere.
Amaitzeko, soilik esango dut SAPA enpresak bere historian aukerak izan dituela lantegi normal bat izateko, urte batzuez armak egiteari utzi, eta ehungintzarako makinak egiten baitzituen, eta, dirudienez, arrakasta lortu zuen arlo horretan. Ikusten denez, ordea, langintza hori utzi, eta nahiago izan du heriotzaren merkatari bilakatu. Etekin gehiago lortzeko asmotan?
Agian, bakerako kontzientzia hedatzen doan heinean, itzuliko dira langintza horretara. Bestela, dozeala pikutara.