Arnas berriz sortzen jarraitzeko
Idoia Trenor Zulaika, Bagera elkartea
Asmoa argia zen, hamaika eguneko esperimentua egitea, eta horixe egin dugu 17.600 pertsonak Donostian eta 220.000ak Euskal Herrian. Euskaraldia ariketa sozial masiboa izan da, jendartean eragin nabarmena izan duen esperimentu handia. Ez dugu horrelako pareko ariketarik ezagutzen.
Kopuruetan aurreikuspenak gainditu dira, baina batez ere, herritarrengan izan duen eraginean azpimarra egin nahiko nuke. Inor gutxik espero zuen onarpen eta jarraipen maila izan du Euskaraldiak eta parte hartzaileetatik harago izan du eragina. Euskararen erabilera, ulermena eta hizkuntza ohiturak elkarrizketa askoren erdigunean egon dira. Hizkuntzaren gaia mahai gainera atera dute, izan da pintxo poteko, kuadrillako eta lantokiko hizketa gai, autobuseko komentarioa, ligatzeko aitzakia eta abar.
Beste behin erakutsi dugu euskararen normalizazioaren alde gaudela eta alde egotetik egitera pasatzeko pausoa eman nahi dugula, elkarrekin eta jarrera aktiboarekin. Lorea Agirrek 2015eko Korrikan idatzi zuen testuak zioen moduan: «Auzia ez da izan ala ez izan. Kontua ekitea da. Izatea ekitea da. Egiten duguna gara».
Bada, Euskaraldia 11 egun euskaraz ariketarekin batzuek jarraitu dugu ekiten, zenbaitek orain ekin diote eta beste batzuk ekinaraziko ditu etorkizunean. Ekitea, jarrera aktiboa hartzea baita, erosotasunaren eremutik atera eta probatzea. Hizkuntza ohiturak aldatzea posible dela esperimentatzea, entrenatzea eta arnasa hartzea. Zerbait oso handiaren parte sentitzeak (eta txapak horretan lagundu du) babesa eta zilegitasun soziala eman dio jende askori. Parte hartzaile bakoitzak sentitu du badela Donostia bat eta Euskal Herri bat euskara jakin eta euskaraz bizi nahi duena.
Euskara elkarte batean lan egiteak euskararen munduan murgilduta ibiltzea dakar. Esan nahi du nik aspaldi egin nuela lehen hitza, eta baita bigarrena ere, euskaraz egiteko hautua. Esan nahi du nik euskararen presentzia eta ausentzia aztertzeko betaurrekoak jarrita ditudala. Partaide bakoitzari bere ekarpena egin dio Euskaraldiak. Ahobizi eta belarriprest bakoitzaren atzean izkutatzen den historia bakoitzak bete du bizipen eta emozioz Euskaraldia.
Niri mundu oso bat zabaldu zait begien parean. Berria izan da belarripresten mundua ezagutzea. Eskaini diren prestakuntza saioetan sorpresa handia hartu dut jakitean badela Donostian euskara ulertzen duen mundu handi bat, ulertu bai baina milaka motiborengatik hitz egiten ez duena; gaitasun falta, lotsa, beldurra, jariotasun falta, ziurgabetasuna, ohitura falta… Polita izan da sentitzea haien energia, euskarari ateak irekitzeko jarrera aktiboa hartu dutela ikustea, euskarari ekin diotela, finean.
Euskaraldia antolatzen aritu garen hilabeteetan behin eta berriro errepikatu dugu gutako bakoitzak ematen duen pauso txiki bakoitzak izugarrizko eragina duela bai gure inguruan eta, ondorioz, jendartean. Pauso txiki horiek dira egoerak benetan aldatzen dituztenak. Txikitik handira jokatzea gako nagusia da. Guk geuk egoerak, jarrerak eta ohiturak aldatzeko gaitasuna dugula sinestea eta hori esperimentatzen joatea klabea da.
Feminismotik ikasi dugu eremu intimoan bizi duguna kolektibizatzen eta errealitatea partekatzen denean sortzen diren konplizitateak, aliantzak eta sentitzen den babesak ahalduntzeko balio digutela.
Esperientzia gorpuztu dugu, iritsi gara orain arte iritsi gabeko geruzetara eta oraindik heldu ez garen geruzetara ere helduko gara etorkizunean. Euskarak ate berri asko ireki ditu eta tokia irabazi du gure bizitzetan eta baita Donostiako kaleetan ere, jarrai dezagun egiten eta ekiten gure hizkuntzak (eta guk) har deza(gu)n arnas.