Arrainak lehorrean
Gizakiak freskagarri-laten plastikoetatik burua atera ezinik dabiltza, trabatuta. Plastikozko botilak eztarrian, ez atzera ez aurrera, ito beharrean. Zabortegian janari bila.
Gizon boteretsu bat, tronuan eserita, bere buruari koroa jartzen ari zaio. Planetaren zabortegiaren gainean eta animaliak eta natura nahieran ustiatu ondoren.
Steve Cuttsen The turning point eta Man animaziozko film laburretako irudiak dira, errealitatea muturrera eramanda kontsumoaren kulturaren zentzugabekeria eta jasangarritasun eza islatzen dituztenak. Zabortegi bilakatutako munduak ageri dira bietan. Eta hondeamakinak.
Gidoi berri bat egiteko adina dokumentazio izango genuke azken astean bizi izandakoekin. Lehen eszena: zabor-mendia glaziar baten moduan, mantso bezain sendo, menditik errepidera gizakien gainera erortzen. Bigarren eszena: bi pertsona desagertuta, errepidea zabalik eta kotxeak betiko erritmo zoroan. Produkzioak ez dezala izan etenik. Kontsumoak ez dezala izan etenik. Hirugarren eszena: zabor-mendian bilaketa lanetan hondeamakinak. Orain martxan, orain geldi. Hildako langileen berririk ez. Laugarren eszena: zabor-glaziarra sutan eta kea. Ke susmagarria. Amiantoa eta lindanoa?
Tamalez, ez gara film batez ari. Eta ez gabiltza oker errealitateak berak sarritan fikzioa gainditzen duela diogunean. Zaldibarren gertatu denak alarma guztiak piztu eta arazoaren muinera eraman baikaitu: zaborra kudeatzeko dugun ezgaitasunera. Eta zalantza bat datorkit, ba ote dugun borondaterik erosi- erabili- bota zurrunbilotik atera eta bizimodu jasangarri baterantz jauzi egiteko. Eta arduradun politikoek ba ote duten erantzukizuna euren gain hartzeko asmorik.
Sortzen dugun zaborra lur azpian ezkutatzen dugu, edo erre eta aireratzen, Zubietan kasu. Lur azpian zein airean, zaborra ikusezin egin nahian gabiltza. Ez gaitezen engaina. Beldurrezko filmetan dutxako gortinaren atzean hiltzailea dagoela dakigun moduan, badakigu zaborra hor dagoela. Eta, lehenago edo beranduago, lurrak gogorarazi egiten digu. Hark jaten ez gaituenean, geuk jaten dugu bera. Arnasten. Kutsatzen dugun airea bera izango da, azkenean, gizakiok itoko gaituena, freskagarri-laten plastikoek arrainak nola.