Arrakasta gabeon harrotasuna
Harrotasunaren alboan, beti, harrotasunaren itzala islatzen da. Badirudi harrotasunak justifikaziorik behar duela. Hizkuntzak nahita bultzatzen gaitu zerbaitez edo norbaitez harro sentitzen garela esatera. Harrotasunari objektu bat jartzera, bakardadean ezin baitu bizi. Lorpenak bilatzen ditugu, harrotasuna zein osteko ospakizunak justifikatzekotan.
Lorpen eskema honetatik kanpo daudenak gizartearentzat arrakasta gabekoak dira, harrotasun gabekoak. Gure existentziak eragiten duen deserosotasunak biolentzia erreala dakar, eta gizartearen lehentasunak zein diren argi uzten du. Baita militantzia transmaribibolloan ere, badirudi ezin diogula uko egin imajinario produktiboari. Nahiz eta diska mugimenduak eta harrotasun zoroak horren arriskuaz ohartarazi gaituzten. Zertaz egon ote gaitezke harro produktiboak ez garen horiek? Arrakasta gabekoek, zoroek, ba al dugu lekurik harrotasunaren hilabetean?
Zertaz egon ote gaitezke harro produktiboak ez garen horiek? Arrakasta gabekoek, zoroek, ba al dugu lekurik harrotasunaren hilabetean?
Oraindik ere bagabiltza errepresentazio edota irudikapen kuir positibo bila, erreferenteen bila, alegia. Ulertzen dut honen beharra, geure buruak tragediaz haratago pentsatzeko ezinbestekoa baita. Baina, erreferente positibo eta arrakastatsu horiek bilatzerakoan, zein istorio baztertzen ditugun kezkatzen nau. Narratiba asimilagarrien bilatze horretan, kapitalismoaren jolasean ari gara, iritsiko ez den emaitza iraultzaile baten zain. Txukuntasunaren bilaketak beti prezio bat dauka. Zorra ordaintzen dugu zortzi orduko lanaldia mantendu ezin dugunok, bizirik irauteko zaintzak ezinbesteko ditugunok, eta beste hainbat arrakasta gabe gehiagok.
Harrotasuna eraiki dugu, belaunaldiz belaunaldi gauzatutako borrokei esker. Jarraitzeko ardura daukagu, bai, baina ez dezagun ahaztu bide hau arrakasta gabekoei esker urratu dugula. Ez gabiltza estatus sozial edo ekonomikoan sostengatzen den harrotasunaren bila. Zisheteroaraua eta kapitalismoa kolokan jarri nahi ditugu, deserosotasunean arrakasta gabeen mundu bat eraikiz.