Arte Ederren eraikina salba dezagun
Nazioarteko adituek Arte Ederren eraikina salbatzeko deia egin dute. Hiru aste dira ICOMOSek, UNESCO-ren Monumentu eta Lekuetako Nazioarteko Kontseiluak, Donostian alerta egoera ezarri zuenetik – Icomos.org webgunean egin daiteke kontsulta–. Ohartarazpen larri hau udaleko alderdi politikoei iritsi zitzaien Fernando Espinosa ICOMOSeko XX. mendeko zientzia batzordeko arduradunaren bidez. Ondare historikoa gordetzeko ardura duten erakunde guztientzako premiazko deialdia egin dute: Donostiako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari. Aurretik ez da inoiz halakorik gertatu. UNESCOren ospe handiko aholkularitza atalak horrelako neurri bat hartu dulehen aldiz.
SADE enpresa da eraikinaren jabea, eta bere berehalako erantzuna izan da Arte Ederrak botatzeko eskaera egitea. Gogora ekarri behar dugu jada kupula desmuntatzea lortu zutela 2015ean. Eta egungo legedia oinarri hartuta, alboetako fatxadak eta barne egitura desegiteko baimena lor dezake. Pascal Prunetek, Frantziako monumentu historikoen kontserbatzaile nagusiak, duela gutxi bisitatu du zinema eta antzoki izandakoa. Arkitekto hau Parisko Notre Dame berritzen ari den lantaldeko kidea da, eta harridura agertu du. Azpimarratu du, inolako zalantzarik gabe, horrelako ezaugarriak dituen ondare bat babestuta egongo litzatekeela Europako beste edozein herrialdetan.
Apartamentuak egin nahi ditu enpresak eraikin honetan, baina Donostiako Udalak ezin die men egin haren presio espekulatiboei. Egun Hiriko Ondare Eraikia Babesteko Plan Berezia [PEPPUC, gaztelaniaz] berrikusten ari dira udalean, eta beraz, udalak aukera du, eta probestu behar du, higiezinari babes handiagoa emateko, eta hirigintza lizentzia ukatzeko.
Arte Ederren eraikina Parisko Gaumont-Palace-aren erreplika da, Europako areto historiko baliotsuenetakoa da. Alerta honi erantzun bat emateko ardura duten erakundeek arduraz jokatu behar dute, eta eraikin hau jabetza publikoa izateko eta berritzeko aukera guztiak aztertu behar dituzte. Ondare honen balio kulturalei eutsiko dien erabilera bat eman behar diote.
Alberto Fernandez D’Arlas, Ancorako lehendakaria