Asier Basurto: 'Aldapan gora'
Haurrak eta gazteak. Hona hemen euskararen erabilera behar bezainbeste hazi ez izanaren errudunak. Inoiz baino aukera gehiago dituzte euskara erabiltzeko, eta hala ere, ez dute egiten. Eta egiten dutenean… ze gaizki hitz egiten duten; ze jario falta; zein hizkera artifiziala.
Txantxa modura dakartzat hona iritzi hauek, beste batzuentzat uste sendoak diren arren. Muturrera eraman ditut, gehiegitan entzun izanaren amorruz, seguruenik.
Gaur egun haur eta gazteen euskararen erabilera azken hamarkadatan izan den handiena da; eta (esan beharra ere) helduen eta adinekoen erabilera baino askoz altuagoa da. Aurreko belaunaldietako zenbait herritarren konpromisoa eta lanari esker, gaur egungo haur eta gazteek euskarazko hezkuntza sistema, komunikabideak, kultur eskaintza eta zerbitzuak dituzte aukeran. Era berean, inguratu eta zeharkatzen gaituen globalizazioa eta hizkuntza handien emariari esker, inoiz baino erdarazko hedabide, kultur eskaintza eta zerbitzu gehiago dituzte eskura.
Euskaraz bizi nahi duenak, horretan saiatzen denak, badaki hemen eta orain oztopo ugarirekin topo egiten duela. Badaki nahi horri gogor eutsi ezean zertara eramango duen korronteak. Jarrera bat eskatzen du: gaiari arreta jartzea, kritikoa izatea, irmotasunez jokatzea eta burugogorra izatea, sarri.
Euskara bizitzaren esparru orotan erraz eta naturaltasunez erabiliko dugun gizartea, etorkizunerako proiektu bat da. Baldintza sozial jakin batzuk sortzean datzan proiektu kolektiboa da. Ez da ikasten. Egunerokoan lantzen, praktikatzen, aldarrikatzen eta adosten dira eszenatoki horretarantz doazen pauso txiki eta handiak. Eta haruntz doan bideak eman eta kendu egiten dizkizu gauzak; ez da neutroa, aseptikoa, inokuoa; nekea eta poza, mina eta alaitasuna dakar.
Jarrera hori da, duela bi, hiru eta lau hamarkadako euskararen aldeko borrokaren protagonistek gaurko gazteei transmititzeko daukaten funtsezko elementua. Uste dut, zentzu horretan, kaltegarria dela esatea gazteek aldeko baldintzak dituztela euskaraz bizitzeko; ez baita horrela. Helduek ezartzen dituzte munduan funtzionatzeko arauak eta ohiturak, nagusiki. Haur eta gazteek, euren gaitasunak gaitasun, arau eta ohitura horietara egokitzera jotzen dute, gizartean mugitzen ikasten, sozializatzen direnean. Donostian eta Euskararen Herrian euskaraz bizitzen saiatzea aldapan gora ibiltzea da denontzat. Lagun diezaiogun elkarri, zaharrek gazteei eta alderantziz; izan gaitezen elkarrentzat eredu eta makulu. Eta beharrezkoa denez, beharrezkoa den bitartean, elkartu eta antolatu gaitezen aldapa laburragoa eta aberasgarriagoa izan dadin.