Aske izan nahi dugu, ez dugu beldurrez, erruz eta lotsaz bizi nahi
Indarkeria eta eraso matxistak unibertsalak dira, eta emakume askoren egunerokotasuna bustitzen dute, bai iraganean, bai gaur egun. Gainera, eraso gehienak ez datoz gizon arrotzetatik, baizik eta konfiantza zirkuluetako, bikotekideko, familiako, lagun taldeko, ikasketa eta lan zentroetako, bizitza politikoko eta erlijiosoko, gizarte eremu guztietako gizonetatik.
Emakume guztiok jasaten dugu eraso matxistaren bat, ahozkoa, psikologikoa edo fisikoa. Eraso horietako asko ez dira salatzen eta ez dira erakundeen artxiboetan zenbatzen, baina badakigu badirela eta komunikabideetan agertzen direnak baino askoz gehiago direla.
Matxista horiek inpunitate osoa dute kasu askotan. Gaur egun ere oso erasotzaile gutxi salatzen eta zigortzen dira delitu horiengatik. Aurrerapen juridikoak eta gizarte kontzientziaren aurrerapenak gorabehera, salaketak askotan emakumeak zalantzan jartzea eta erruduntzat jotzea dakar. Justizia eta gizartea patriarkalak dira oraindik, asko dago egiteko.
Giza baliabide eta baliabide material gehiago behar dira erakundeek indarkeria matxistaren aurkako legeek agintzen dutena bete dezaten: gizartea sentsibilizatzea, langileak behar bezala artatzeko eta laguntzeko prestatzea eta erasoak salatzen dituzten emakumeak berriz biktima ez bihurtzea.
«Nazkatuta gaude gizarte matxistetan bizitzeaz. Emakumeek emakume izate hutsagatik jasaten duten indarkeria eta mundu osoan lesbianek, homosexualek eta transexualek jasaten duten jazarpena publikoki salatzen jarraituko dugu»
Ekialdeko Barrutian ere bizi gara gizarte matxista batean, non erasotzaileek emakumeen aurkako indarkeria erabiltzen duten, maiz egoera ahulenean dauden emakumeen, gazteen, adinekoen, atzerritarren… aurka.
Duela gutxi, Intxaurrondoko neska adingabe batek sexu eraso bat salatu zuen Ulian. Ekialdeko Mugimendu Feministatik dei egin zen emakumeari gure babesa emateko eta eraso matxistaren gure salaketa soziala plazaratzeko.
Nazkatuta gaude gizarte matxistetan bizitzeaz. Emakumeek emakume izate hutsagatik jasaten duten indarkeria eta mundu osoan lesbianek, homosexualek eta transexualek jasaten duten jazarpena publikoki salatzen jarraituko dugu. Indarkeria horrek gaur egun ere gure gizartea egituratzen duen sustrai bera du, matxismoa.
Ez dugu beldurrez, erruz eta lotsaz bizi nahi, aske bizi nahi dugu. Ez gara isilduko, jarraituko dugu esaten Ez Dela Ez, jarraituko dugu autodefentsa feministako tailerrak antolatzen, manifestatzen eta sentsibilizazio ekintzak antolatzen, jarraituko dugu indarkeria hori jasaten duten emakumeen aitortzarekin eta baita salaketa publikoekin ere.
Berriro ekin eta ez gara nekatuko oihuka: erasorik ez erantzunik gabe! Martxan jarraituko dugu guztiok libre izan arte!