Aspertzerik ez dago
Xabier Arzelus, idazlea
Azken egunotan ez dugu aspertzeko astirik izan, alafede! Kirol munduan zein politikakoan eztenkada ederrak jaso ditugu. Noizbait idatzi nuen nahiko trixtea iruditzen zaidala arazo larriz betetako mundu honetan gure neuronak kirolaren inguruan antolatutako ikuskizun edo “zirko”aren erruz ere okupatu beharra. Nire kasuan, bederen, neurologo zorrotzen batek nire burmuinean futbolaz “arduratzen” diren puntuak ezabatzea nahi nuke. Futbolzale porrokatua ez banaiz ere, Realaren joan-etorriak, jaiste-igotzeak eta abar hurbiletik segitzen ditut, sekula santan Anoetan sartu ez banaiz ere. Zaletu izugarria ez izan arren, txikitatik zuri-urdina izan naiz eta, gaztetan, Atotxara ere lagun taldearekin joaten nintzen. Gogoratzen dut, esaterako, Reala “segitu” eta guzti egin genuela behin Iruñera, Realak 0-1 partidu hura irabazi zuen. Eta ez dut ahazteko ni neu bakar-bakarrik Reala Santiago Bernabeun ikusteko Madrilera trenez egin nuen bidaia luzea. Bernabeun ni egoteak ez zion, antza, Realari mesede handirik egin, partidua 9-1 – bai, bai, bederatzi– galdu baitzuten –genuen– . Realaren gol bakarra, hori bai, meritu handikoa eta ikusgarria izan zen. Beraz, joan zen maiatzaren 21ean, telebistaren aurrean sufritzeko erabakia hartu nuen, ondo sufritu ere, partiduaren atsedenaldian pikatzeko atera zizkiguten gutiziak –urdaiazpikoa, gazta on puskak…– ia ez bainituen ukitu ere, nire barnean kezka nagusi. Azkenean kontua ondo bukatu bazen ere, ez dut uste futbolaren inguruko muntaiak kezkarik txikiena ere merezi duenik. Dena den, badakit hil arte sufritu beharko dudan “gaixotasuna” dela. Athletic-i beti edo, gutxienez, noizbait San Mamesen irabaziko bagenio bederen! “Ez aspertzeko” beste arrazoia hauteskundeetan izandako emaitzak izan dira. Ustez “betirako” zen “gure” alkateak ustekabeko jipoia pairatu du. Foru Aldundia, hau ere, atzo arte legez kanpo zeuden “basatien” eskuetara pasa da. Euskal Herria is different!, benetan. Gure herria soilik estatu espainiarreko zerbitzu desinformatiboen bidez ezagutzen dutenentzat ezinezkoa egingo zaie gure artean ematen diren fenomenoak ulertzea. Dena den, euskal nortasunaren aurka ari direnek ez dute azken hitza esan, eta herriaren borondatea oztopatzen saiatuko dira. Xenpelarren bertsoak, halere, egi bilakatu ditugu orain arte eta badago, beraz, etorkizuna baikor begiratzerik: Ez oraindik umildu, elkarrengana bildu!