'Asteburuak'

Asteburu honetan ere beste hainbeste gertatuko dela antzematen dut. Ez dakit emaitza hain bikaina eskuratuko ote duten, baina berotasun faltarik ez dute izango. Bolada onean dago Reala, eta maldan behera, kaskarrean, berriz, Mendilibarren taldea. Iruñean urduritasuna da nagusi –beheko taldeak, Bigarren Mailako amildegian daudenak, hurbiltzen ari zaizkio–, Donostian, aldiz, baikortasuna da jaun eta jabe. Hamaika burukominen ondoren, era honetako uneak ederki eskertzen dira. Oinaze guztiak uxatzen dituen ukendua. Dena da baikorra: emaitzak, eta taldea sailkapenaren tropel buruan eta amets baten bidean ikustea: Txapeldunen Liga. Ibilbide honetan bi izen aintzat hartu nahiko nituzke: Montanier eta Bergara. Biak ala biak zaleen ahotan egon dira eguna joan eta eguna etorri. Ez dira askoren begiko. Oraindik ere, solasaldi askoren ardatz izaten jarraitzen dute, baina zenbait tertulietan –garai batekoarekin alderatuz– zentzu oso ezberdin batean. Lehen ezkorra zena, orain… Nola aldatzen diren gauzak, kamarada, dio kantak, eta ez zaio arrazoirik falta. Haizea aldeko denean, denak kontent. Baina norabide aldaketa hori noren meritua izan da? Arraunlariena? Edota lemazainarena? Norberak bere tesiak ditu, eta gogor defendatzen ditu gainera. Jokalarien heldutasun eta jokaera aparta da, baina entrenatzailearen lana, azpimarratzekoa da. Oso aintzat hartzekoa. Zortzi jardunaldiren faltan datozen hiru partidek garrantzi berezia izango dute. Osasuna, Valentzia eta Getaferen aurkako norgehiagokak Realaren etorkizunaren giltzarria izango dira. Nafarrek gorantz egin nahi dute, suak harrapatu ez ditzan. Valentziak Reala menderatu behar du Txapeldunen Ligan jokatzeko –asteburu honetan Malagaren aurka arituko da–, eta Getafek, datorren urtean Europan jokatu nahi duenez, ezin du huts askorik egin. Hiru final. Eta gero… beste lau.