Atrezzoak
Erdiaren osoa ezezaguna denean, maskarak estaltzen duena aurperdia da: aurpegi erdia. Erdiaren oso horiei irudimenak eman die tankera. Botila erdi betearen aferaren legez (batzuek ikusiko baitute erdi hutsik) aurperdi politak ikusten ditudanean, inork ikusiko al du kontrakorik musukoaren bestaldean?
Bestaldea alde bakar zenean, sarri galdu izan dut aurpegikeretan begirada, keinuetan gelditu denbora. Horiek denak komunikazioaren dantzak. Bitartean eskanerra pasa, belarrian sartuz ahots tonuen banda. Orain, berriz, koreografoek ere zalantza. Ahotsak ia ez du hotsik, ezta sudurrak ere hotzik. Hala ere, badirudigu pozik, instagramen ortozik.
Sare sozialak izan daitezke poziktibismoaren bihotz-taupadak, posmodernismoaren atrezzo birtualak. Hala bazen eta ez bazen, pandemia garaiko atrezzoa maskara al zen? Musukoa al da normalitate berrian tentsio egoera normaldu duena? Musukoz inguratuta gaudenean, osasun larrialdiak bizi gaitu: ez hurbildu, ez ikutu, ez partekatu… Konturatu garenerako sortu dugu EZkuntza sistema herritarra. Musukorik gabe gaudenetan tentsioa baxuagoa da, kutsatzeko probabilitatea, ordea, altuagoa.
Hori da oraingoz dakigun apurraren apurra. Pixka bat gehiago jakingo bagenu… Inoiz jakingo al dugu? Pixka bat desberdin jakingo bagenu, agian, jakingo genuke kapitalaz gaindikoa ere nola zaindu, bizitzak erdigunean nola jarri. Pixka bat desberdin jakingo bagenu, agian, EZkuntzatik beharrean, hezkuntzatik berrasmatuko ginateke. Pixka bat desberdin jakingo bagenu, agian, pixka bat gehiago jakingo genuke.