Atzeraka
Euskaldun askok geure burua europar hiritar cooltzat dugu. Mugikortasunaren arloan gainera, Donostiak badu halako xarma eta izena, aspalditik egin baitu apustu bizikleten alde. Egia da Elorza alkateak apustu ausartak egin zituela arlo horretan; halere, –eta hau berak onartu izan du publikoki– beste interes batzuetara makurtu ere egin zen eta hiriko erdigunea lur azpiko aparkalekuz josi zuen. Ekimen haiek izugarri baldintzatu dute hiriaren mugikortasun eredua.
Dena den, egia da hiria «atsegintze» alderako hainbat ekimen egin zirela hirian. Zoritxarrez, Donostia oso atzera geratzen ari da arlo horretan. Paris, Berlin, Bartzelona, Londres…aurrekoietik zeozer duten Europako hainbat hiri handik –Atasquezen Madrid, jakina, ez dago euren artean– ekimenak egin dituzte egunotan mugikortasun eredua eraldatzeko. Oinezko eta bizikleten mugimendu seguruak bermatzeko, hainbat ekimen egin dituzte euren espazioa zabaltzeko, behin-behinekoak ez ezik, behin-betikoak ere bai.
Hiritzar horietara jo gabe ere, Valentzia edo Valladolid bezalako hiriek ere Donostia atzean utzi dute. Irutxuloko Hitza-k erreportaje interesgarriak egin ditu gaiaz. Bizitzeko espazioa oinezko eta terrazen artean borrokatu behar dugu, baina gutxik jartzen dute kolokan autoei emaniko espazioa. Geure hiriak, axaleko neurri apal batzuk gorabehera, ez du neurri garrantzitsurik hartu mugikortasun eredu jasangarriagorantz. Aitzitik, autobus zerbitzuaren murrizketak iragarri ditu hemendik 2-3 urtera. Egia da egungo osasun-egoeran zoritxarrez garraio publikoaren erabilera zaila dela, baina aurreikuspen horiek defizitari leporatu dizkiote, ez osasun-arrazoiei.
Onar dezagun ulergarri dela epe motz eta ertainera murrizketak egotea. Diru-sarrerek behera egingo dute –bada zer hobetu fiskalitatean– eta gastu publikoak aurreikusi gabeko gastuak izango ditu. Ados. Baina ez da onargarria, garraio publikoa murriztu bitartean, autoak geure hirietan duen gehiegizko espazioa mantentzea edota indartzea. Ezin dugu publikoa kendu eta denon baliabideekin (airearen garbitasuna, espazio publikoa, errepideak eta aparkalekuak egin eta mantentzeko gastuak…) ibilgailu motordun pribatuen erabilera bultzatu.
Dbusen defizita jaisteko bide bakarra ez da murrizketak egitea, horrek zerbitzua okertuko du, erabiltzea beste erremedio ez dutenen kalterako (autorik erosi ez dutenak, gidatu ezin dutenak) eta beste erabiltzaileak (hots, diru sarrerak) aldendu. Osasun egoerak bermatzen duenean, Dbusen lehiakortasuna areagotu behar da, zerbitzu are eraginkorragoa izan dadila sustatu, merezi duen lehentasuna emanda, bus-erraiekin, lehentasun semaforikoekin, prezio ordaingarriekin, kalitatezko geltokiekin… Hori baita herritar guztioi mugitzeko eskubidea bermatu beharko ligukeen tresna.
Jakina, autoek eta motorrek ere badute funtzioa hirian. Baina horiexek bermatzea ere bada helburua. Egun dugun autoaren gehiegizko erabilera bidezkoa eta desiragarria ote den aztertu barik ere, gauza bat begibistakoa da, ezin dugu bermatu donostiar guztiok zein bisitariok autoa erabili eta aparkatzea hirian. Sinpleki, ez dago nahiko leku. Garraiorako sistema berri baten beharra ez da soilik kutsadura eta zarata, ezta istripuak eta arriskuak soilik ere. Afera sinplea da: geure hirietan egun ez dugu espaziorik bizitzeko, ibiltzeko, terrazan esertzeko, kirola egiteko…. eta birus batek inoiz baino gordinago jarri digu hori mahai gainean.