Auditz Akularren balioak ezagutzen
Altza XXI herri ekimenak egindako gonbidapenari erantzunez, Donostiako elkarte eta talde hainbatetako 30 lagun hurbildu ziren hilaren 18ko goizean Auditz Akularreko eremua ezagutzeko egin zen txangora. Herri ekimenaren kideen eskutik eremutik ibilbidea egin zuten, Altzarekiko duen kokapena, landa eremu naturalaren egoera eta dituen balioak ezagutu eta konpartitu ziren.
Parte Zaharra, Martutene, Añorga, Intxaurrondo, Ulia eta Groseko herritar hauek eta ordezkatzen dituzten elkarteek Altza XXIekin elkarlanean jarraitzeko asmoa berretsi zuten.
Auditz Akularreko bisitan ikusi ahal izan zen proiektu urbanizatzaileak lurralde natural paregabea suntsituko lukeela. Auditz Akular ingurumen eta ekosistema balio garrantzitsuak dituelako. Ia 100 hektarea muino eta ibarbide dira, balio agrologiko handiko 23 hektarea eta belardiko 50 hektarea; landare eta animalia espezieen, hegaztien eta ornogabeen ekosistema aberatsa da; baliabide hidrikoak ditu eta 13.925 tona karbono biltzen ditu; gainera, paisaia balio handikotzat defini daiteke: biodibertsitate erreserba bat da eta udaleko Ingurumen Sailak berak definitu duen moduan, klima babesleku bat. Eskualde osoa, Donostialdea eta Oarsoaldea gerriko berde batez lotzen duen gunea da.
«Ekimenak jarraipena izango du eta altzatarrok gure altxor natural hau erakusten jarraituko dugu, soilik ezagutzen dena defendatu eta maitatu ahal delako»
Bisitan azpimarratu egin zen Eusko Jaurlaritzako ingurumen organoak berak ere, Plan Orokorraren berrikuspenaren aurrerapenari buruzko nahitaezko txostenean, biziki gomendatu duela Auditz Akularreko lurzoruetan ez eraikitzea hainbat arrazoi garrantzitsu direla medio. Eta bertaratzen zarenean, argi eta garbi ikusten da onartezina dela naturaren inbasio hori.
Ekimenak jarraipena izango du eta altzatarrok gure altxor natural hau erakusten jarraituko dugu, soilik ezagutzen dena defendatu eta maitatu ahal delako.

