Aurreiritziak
Joan dira hauteskundeak eta laster datoz berriak. Erabakitzeko hautu kontrolatuen simulakro arteko tarte honetan egokitu zait lehen testua idaztea. Nabariegia litzateke gai hori hartzea lehen idatzi moduan, eta horregatik ez dut hauteskundeez hitz egingo. Ezta alderdi politikoen inguruan ere, horretaz askoz ere gehiago dakien jendea baitago Hitza osatzen duen komunitate txiki erraldoi honetan.
Lehenbizi, ezertan ez naizela aditua esatea egokitzen zait, eta ez kritikek ematen didaten beldurra saihesteko aitzakia moduan. Ez, ez. Ez dut horregatik esaten. Uste dut, norbaitek jarraituko banau, jakin beharko duela, ez naizela deusen adierazle, ezta nahi ere.
Bigarrenik esan behar dut ez naizela sinatzen duena. Eta ez dut nire burua kamuflatzeko estrategia moduan egiten. Ez. Nahiko banu ez bainuke hau aipatu ere egingo. Idatzi dudan guztietan ezizen honekin egin dudalako hartu dut erabakia.
Duda duenarentzat Eneko Sierra naiz, añorgatarra eta 1982an jaioa. Amassorrain, Barandi eta Opus pasa ditut “hezkuntza”-ren bidean, eta lan ugari eta askotarikoak edukitakoa naiz. Aurresku, Doka, Espainiako Itzulia, Zara, Reala, injeniaritza eta Hezkuntza. Hauxe nire azkena. Musikan ere aritzen naiz, uzten didatenean, eta, egia esan behar badut, entzun beharko nukeena baina dezente gutxiago sartzen da nire belarrietatik. Gehienbat popa eta Kaliforniako punk rocka gustatzen zaizkit, baina edozer gauza entzun nezake. Edo ia edozer. Azkenaldian opera eta musika klasikoarekin ari naiz gozatzen eta Ikatz kalean 90eko hamarkadan galarazita zeuden hainbat Espainiako talde gustatzen zaizkit. Ezagutzen nauenak badaki Alejandro Sanz edota Pablo Alboranen modukoek kitzikatzen nautela maiz. Honek guztiak ez du esan nahi, ordea, bestelako musika mota batek ez didanik barrua mugitzen. Asko gozatzen dut rock and rollarekin, bereziki atzerrikoa eta ingelesez dena. Auskalo zergatik. Biografia txiki honekin bukatzeko, musika talde ezberdinetan ere parte hartu izan dudala eta kasu batzuetan hala egiten jarraitzen dudala esan beharra dut, aurreko guztiarekin inongo antzik ez duten doinuekin dantzatzen saiatu naiz nire saxoaren laguntzaz. Dantza taldeetako txistu doinuekin hasi nuen ibilbidea, eta gero Tajon Prieto, Pelax, Physis versus Nomos, Bi zaldi, Orreaga 778, eta bertso saio musikatuak etorri ziren. Añorgan militatu izan dut kulturan eta herrigintzan eta etorriko direnak etorriko direla pentsatzen duen horietakoa naiz. Askorentzat behintzat bai.
Laburrean kontatu dizuet nor naizen. Laburrean kontatu dizuet naizen hori naizela pentsatzen dudala. Baina, zuk nola ikusten nauzu? Ezagutzen banauzu, agian nire irudi bat izango duzu, eta ziurrenik horrelakoa naiz zurekin nagoenean. Izan ere, ikusten duzun hori naiz. Horrek egiten bainau ni. Zuk egiten nauzu. Ez banauzu ezagutzen, ordea, oraintxe sortu duzu nire inguruko aurreiritzia.
Hauteskunde egunean, zuzenbideko fakultateko hauteslekuko sarreran ezin aurrera egin nengoela, bi erretiratu neuzkan aurrean. Bozkatzeko zain. Goitik behera begiratu nituen, eta zin dagizuet izugarrizko fatxak zirela. Gaztelaniaz galdetu zidan gizonak non ote zeuden bozka-paperak eta ni jarraitzeko esan nion, nik ere neurea hartu behar bainuen. EH Bilduren paperak hartu behar nituenean beraiei begira geratu nintzen, jakin-min itzela bainuen eskuin alderdi espainiarreko zeini emango zioten bozka. Nire buruarekin apustuak egiten hasi nintzen eta ziur nuenean Ciudadanos bozkatuko zutela, hartzear neuzkan EH Bilduren bozka-paperak kendu zizkidaten eskutik. “Perdon”, esan zidan andreak, gure eskuek talka egin zutenean, eta urduritasunez gainezka, papera gomatik ezin atera ibili zen. Lortu zuen. Lehen bozka atera eta gizonari eman zion. Urduritasunak goia jotzera zihoanean ateratzear zuen bere bozka hautsi zitzaion. “Vaya, chaval, se me ha roto”, esan zidan irribarre behartu antzeko batez. Orduan goma kentzea erabaki nuen, eta ez dakit metafora moduan balioko duen, baina bozka haiek askatu nituen. Aurreiritzi guztien gainetik. Orduan, ez dakit zergatik, andreari bere bozka ematen nion bitartean, irribarre ederra marraztu zitzaion aurpegian. Gero, nik neurea hartzen nuen bitartean eskerrak eman zizkidan.
Gustura joan nintzen bozka ematera, izan ere, espero ez nuena pasa zen. Eta aizue, zeinen ederra den espero ez duzun hori gertatzea, opari moduan, ezta? Irribarretsu irten nintzen lepo beteta zegoen hauteslekutik, eta pentsatu nuen, emaitza elektoralak alde batera utzita, egunerokoan gure jarrera baldintzatzen dutela aurreiritziek. Onerako ala txarrerako den beste egun batean kontatzen saiatuko natzaizue.
Ongi etorri guztioi, eta mila esker honaino iritsi bazarete!