Auzoan geratuko gara!
Egia kaleko 22. zenbakiko lau etxebizitzetako bizilagunok pultsu bat dugu Sareb erakundearekin. Hamabi bizilagun ziurgabetasun egoeran gaude erakunde horren eta haren kudeatzaile nagusi Haya Real Estate agentziaren erruz. Egungo kontratuak bukatu ahala, mehatxu egiten dute maizterrak botatzeko prozesuak bultzatuko dituztela. Kudeatzaileak ez du gurekin negoziatu nahi, eta, une honetan, 87 urteko emakume bat egoera irregularrean dago. Alokairua ordaintzen ari da kontratua bukatu arren, eta ez daki noiz jasoko duen gutuna etxetik botatzeko datarekin.
Guri alokairuaren kontratua hilabete honetan bukatzen zitzaigun, baina posta elektroniko bidez jakinarazi ziguten urtebetez luzatuko zigutela. 2022ko otsailaren 28a izango da gure azken eguna, eta esan digute ez digutela kontratua berrituko. Kudeatzaileekin harremanetan jartzen saiatu gara, baina ez dugu behar bezala hitz egitea lortu.
Egoera horren aurrean, Egia 22 etxebizitza batzordea osatu genuen. Donostiako eta Egiako herritarren babesa behar dugu, eta finantza erakunde horien jokabidea gaitzesteko eskatzen diegu. Sarebi, berriz, eskatzen diogu bizilagun kaltetuon alokairu kontratuak berritzea orain arteko baldintza beretan. Aldiz, Donostiako Udalari exijitzen diogu Sarebekin harremanetan jartzeko, hutsik eta salgai dauden bi etxebizitzak eta merkataritza lokala udal jabetzakoak izateko. Horien izaera publikoa eta etorkizuneko erabilera bermatu behar da.
Aste honetan, Egia kaleko 22. zenbakian bizi garen bizilagun kaltetuen berri eman dugu prentsaurreko baten bidez. Gainera, Eneko Goia alkatearekin eta udaleko alderdiekin biltzeko eskaera erregistratu dugu Donostiako udaletxean. Hemendik aurrera, hainbat mobilizazio egingo ditugu, eta apirilaren 30ean manifestazio bat egingo dugu auzoan.