Auzoaren hobe beharraren izenean, baina auzoko eskakizunei entzungor
Aurreko astean, udalak Zuberoa plazan estalpea jartzeko proiektuaren berri eman zuen; honen aurrean, Hondarpetik gure iritzia eman nahi dugu.
Lehenik eta behin, azkenaldian udalak abiatutako parte hartze ereduaren gezurra agerian utzi nahi dugu. Hainbat txokotatik eginiko kritikekin bat egiteaz gain, kasu zehatz honetan dagoen tranpa agerikoa da.
Auzotik maiz azpimarratu dugu plaza estaliaren beharra Katalunia plazan. Gure ustez, Zuberoa plazan estalpea jartzeko proiektu honek eskaera hori isilarazi nahi du, auzoaren benetako beharrak ase gabe. Ez gara gu izango estali gabeko gunerik ez duen auzo batetan halakoak jartzeko ekimenari ezetz esango diotenak (guregatik, plaza guztietan estalpea jarriko balitz, hobe), baina uste dugu diru publikoa gastatzeko orduan, honen onurak kontuan izan beharko liratekeela.
Katalunia plaza estaltzeko eskaera ez da edonolakoa. Hasteko, honen azalerak (Zuberoa plazakoa baino handiagoa, zinez) askoz jende gehiagori aterpea emateko aukera eskaintzen du, non eta euria eginez gero, aisialdirako aukera bakarra tabernetara joan edo etxean geratzea den auzo batean. Honetaz gain, bertan ospatzen diren hamaika auzo ekimen eta jaiak kontuan izanda, auzoko egiturei mesede handia egingo lioke halako batek.
«Proiektua ez da pentsatu auzoko beharren arabera, eta horixe da eskatzen duguna. Donostian, auzoek eta auzotarrek izan behar dute hirigintza ereduaren ardatza»
Esan bezala, auzoko plaza guztietan estalpea izango balitz, primeran. Eta inork erantzungo digu, «orduan zein da arazoa? Nonbaitetik hasi beharko da, ala?». Jakina nonbaitetik hasi behar dela, baina nahiko ziur gaude hau ez dela ezeren hasiera, edo udalak bestelako proiektuak al ditu mahai gainean gainontzeko plazak estaltzeko?
Bestalde, nonbaitetik hasita, zergatik ez hasi auzoari mesede gehien egingo liokeen proiektuarekin? Ez ditugu errepikatuko Katalunia plaza estaltzearen onurak, baina nahi duen oro animatzen dugu Zuberoa plaza estaltzearen onurak zerrenda ditzan.
Eta hemen dago parte hartze ariketa honen beste tranpetako bat. Auzoari ez zaio galdetu ea plaza estalirik nahi ote duen edo zein plaza estali nahiko lukeen; kasu honetan, hainbat proiektu desberdin jaso ditu udalak (ez soilik Zuberoa plazako hau) eta haien artean jendeak gehien bozkatu duenetako bat izan da hauxe.
Proiektua ez da pentsatu auzoko beharren arabera, eta horixe da eskatzen duguna. Donostian, auzoek eta auzotarrek izan behar dute hirigintza ereduaren ardatza. Hori gertatzen ez den bitartean halako proiektu zentzugabeak biderkatu egingo dira, gainera, gure izenean.