Auzodefentsa
Maiatzaren 10a da, iluntzea, bi lagun gaude etxea goxatzen; hautsa kendu, paretak zuriz margotu, pozik, gogotsu. Beste bik deitu gaituzte kaletik. Bi gizon entzun dituzte atarira sartzen eta susmo txarra hartu diete. Badaezpada deitu gaituzte: kontuz, itxi atea.
Egiako Karmengo Ama kaleko 44 zenbakian gaude. Eraikin osoa familia berarena da, eta badituzte beste hainbat ere. Etxea ezaguna da auzoan, jabeek egoera tamalgarrian mantentzen dutelako. Bada bizilagun bat etxetik irten ezin daitekeena, igogailua behar duelako. Duela urte batzuk bere dirutik ordaindu zuen igogailu bat, baina izorratu egin da. Ez du dirurik konpontzeko eta jabeek ez dute laguntzeko asmorik. Beste hainbat familia etxea partekatzen bizi dira. Gu etorri ginenetik, hutsik zeuden dozena erdi pisu hormatu dituzte.
Igo direnerako alerta ginen, behintzat rolak banatzeko aukera izan dugu. Behatxulotik begiratu dugu, ez du kristalik. Banatzen gaituen ate bat tarteko dugun arren, haien hatsa pasa da zulotik gure aldera, zerbait gehiago ere bai. Bi gorputz handi besterik ez dugu ikusten. Izutu gara. Kidea patiora ematen duen leihotik atera da eta ni ate ostean nago, belaunikatua, eusten, ez dakit zer, nahiko balute atea eta ni botako gintuzkete.
Konbertsazioa entzuten dut ezkutuan: “Desokupa44 gara”, “taldeko jatorrenak etorri gara, beste hogeita hamarrak etorriko balira”, “nire jabeari ez zaizkio zuek bezalakoak gustatzen (bollerak)”, “leihotik botako zaituztegu ez bazarete ateratzen”. Mehatxuak ahots goxoz bi bider zorrotz jasotzen dira, hauek entrenatuak datoz. Etengabe egiten dizkiote begi keinuak lagunari. Luze joan da eta tarte osoan ez naiz mugitu. Gorputza izoztu zait. Bortxatu egingo gaituztela ere pasa zait burutik. Etxegabetzea bigarren planoan geratu zait.
Azkenean badoaz, uf, baina ordu batean itzultzeko asmoarekin.
Kalera ematen duen leihora gerturatu gara. Bat, bi, hiru… berrogei, berrogeita bat… Jende pila gerturatu da. Lehendabizi amonaren gauzak, ondoren bestea. Barruan ditugun gauza baliotsuak biltzen hasi gara eta ate ondoan hamaika poltsa pilatu ditugu, badaezpada. Ados, listo, orain bai, que vuelvan.
Etxea kudeatzen duena deitu dugu azalpen eske. Erantzunik ez, eta bat-batean, dei bat, zenbaki ezkutua. Izozturik gelditu gara beste aldeko ahotsa entzutean: “Banan-banan bilatuko zaituztegu eta denak akabatuko zaituztegu. Horrela egiten da lan xxxxx xx xxxx!”. Ezin gara mugitu.
Ordutik korapilo bat dut sabelean eta buruak edozein kanta 180 BPMtan erreproduzitzen dit. Kide batek labankadak jasotzen zituela amestu du, beste batek ezin du ezer sentitu eta ni ez naiz amaren etxea zapaltzeko gai, beldurra dugu eta amorru pila bat ere bai.
Bost egun pasa dira hau gertatu zenetik, oraindik ez gara gelditu eta ez dugu astirik izan beldurrari buruz hitz egiteko, amorruari buruz bai, ordea. Ostiralean bezala, zerbait eusten jarraitzen dugu, baina ondo dakigu zer.
Mila-mila esker sareei. Guk hormen artean heltzen duguna auzoa ari da sostengatzen. Zuen mehatxuek ez gaituzte geldituko, hedatu dadila antolatzen jarraitzeko indarra.
Faxismoaren aurrean, auzodefentsa!