AuZOgestioa
Markel Ormazabal, musikaria
Sants (Bartzelona) auzoko Can Vies gune autogestionatuaren eraisteak berriz harrotu ditu kaleak. Hondeamakina sutan agertzen den irudiak ageriko utzi du hiri ereduen arteko talka. Santsen edo Bartzelonan, Gamonalen, Donostian gidoi bera jarraitzen duen talka.
Ez da berria, eta lerrootan ere esana dugu. Kapital(ismo)a mundu mailako berkokatze erabateko baten aurrean aurkitzen da. Hiriak su eta ke ari dira, noizean behin kale manifestariek egiten duten antzera, lege bakar irabazia duen lehian. Hiri eta metropoli guztiak turismorantz eta kapitalismo kulturalerantza bideratzen dira. Turismoa bereziki, eta gero eta gehiago tokian tokiko kultura, lehen mailako «nazioartekotze faktore» eta lurraldeak salgaiak bailiran beren buruak merkatuan eskaintzen dituzten enpresak bihurtu izanaren adierazle dira. Ahaztu gabe teknologia berrien enpresen kontzentrazioak hiriari egiten dion ustezko promozio eta marketinga.
Hau guztia gertatzen ari da hirietako ezberdintasun ekonomiko eta zerbitzu «publikoen» desorekak inoiz baino gehiago areagotzen ari diren unean. Auzo jakinetako langabezia tasak etxeorratz garaiena gainditu duenean; aurrez bizi zuten gizarte eta kulturgune gabezia lehen baino sakonagoa den ahanzturan sartu dutenean. Baina, aldi berean, egoeraren aurrean bestelako bizibideak, bestelako ereduen saiatzeak ugaritzen ari direnean. Eta hor sortzen da talka, hor pizten sua. Kapitalak ez baitu gutxi batzuen poltsikoetan kontzentratu beharreko irabazietan arrakalik onartzen.
Instituzioen krisia eta hirien merkantilizazioaren aurrean, auzo koperatibista eta autogestioa. Finantza ekonomiaren aurrean, ekonomia eraldatzailea. Ekimen sozioekonomiko txikien konstelazio batek osatzen duen ekonomia solidarioa, autogestioaren bidez euren premiei erantzuten ahalegintzen den herri-kolektiboa duena protagonista.
Eraldatzeko indarra, ekonomia-modu berriak saiatzean datza. Lan egiteko eta inguruarekin bestelako harremanak izateko jokamolde jakin bat den auzolanean. Egiako Auzoetxean. Lankidetzan oinarritutako gizarte sormenaren eremuetan. Bidebietako Auzoenean. Komunitate zentzutik abiatuta ikasle kolektiboa eta jakintzen elkar trukatzea erraztuko duten espazioetan. Kortxoenean. Txantxerrekan. Sortzear diren hainbatetan. Sortuko ditugunetan. Instituziotik soilik ez baitugu hiria eraldatuko. Instituzioen beharrezko laguntzarekin ere, ez baitugu hiria bat batean eraldatuko. Auzogestioaren beharretan gaude. Auzogestioak bizi behar du Donostia. Auzogestioak eraldatuko du Donostia.
