Auzoko egitasmoa, leiho bat kulturaniztasunerantz
Nire ikuspegi migratzailetik, Auzokoren moduko espazioek euskal kulturan erraztasun gehixeagoz integratzeko aukera ematen dute, hizkuntza eta tradizio berri baten ezagutza sustatuz. Gainera, taldekideen artean aniztasun handia dagoenez, norberaren jatorriko ohiturak taldean partekatzen ditugu, bertatik ikasiz.
Auzoko harrera linguistikora bideratua dagoen egitasmoa bada ere, migratzaileoi gizarte honetan integratuago sentitzen eta, batez ere, migrazio prozesuak duen eragin fisiko eta emozionala apur bat leuntzen laguntzen digula sentitzen dut.
Hau honela, espazio hauetan tresna ugari lortzen ditugu; esaterako, kulturen arteko harremanak sustatzen ditugu. Eta, egia esan, horrek lagun harreman berriak sustatzen laguntzen digu, eta, batzuetan, baita lan aukera berriak sortzen ere. Izan ere, argi dago migratzen dugun askok eta askok ez dugula sarerik Donostiara iristen garenean, eta asko eskertzen da honakoak sortu ahal izateko aukera izatea, komunitatearen parte izateko aukera izatea.
Esan beharra dago, migratzeko erabakia hartzen dugun pertsonen ehuneko handi batek bizi baldintzak hobetzeko egiten dugula, eta, horregatik aukeratzen ditugula bizi baldintza duinagoak eskainiko dizkiguten herrialdeak. Migrazio prozesuak ez dira errazak izaten, eta, maiz, irudikatu dezakegun baino konplexuagoak dira.
Hori horrela, migratzaileon integrazio prozesuen edo, orokorrean, aniztasunaren kudeaketaren inguruko kezka soziala dagoela jakiteak pozez hartzen dugu. Eta, aipatutako gertutasun honek, azken finean, aukera ematen digu heldu berri garen gizarteari ekarpena egin ahal diogula sentitu eta pentsatzeko; eta horretan gabiltza, gure aletxoa jarri nahian.
Aurretik esan dudan moduan, Auzoko egitasmoak ireki dizkidan leiho guztiei esker, nik eta nire seme-alabek hainbat jardueraz gozatu ahal izan dugu. Esaterako, duela aste batzuk, Elgoibarren, Auzoko jaian gastronomia, hizkuntza eta kultura berrietan zehar bidaiatzeko aukera itzela eduki genuen.
Azkenik, aipatu nahiko nuke oso beharrezkoak ikusten ditudala honelako gune hezigarri eta kulturalak, mundu anitz eta inklusibo bat eraikitzeko lehen urratsak baitira. Eta asko eskertzen dugula gure errealitatera saltotxo bat egiten duzuenean, guk zuenera egiten dugun moduan.


