Auzolana eredu denon Aste Nagusian
Jon Markel Ormazabal, musikaria
“Swaraj” deitu zion Mahatma Gandhik auto-gobernu eta auto-sufizientzia lokalaren ideiari. Bere garapenari dagozkion erabakiak hartzeko boterea duten unitate autogestionatuak dira Swaraj herriak. Bertan aurkitzen da prozesu demokratikoen hastapena, Kerala eskualdeko garapenak erakusten digun bezala. 1994an abiatutako bidearekin lezio ederra eman zioten Zapatistek munduari. Beren buruak antolatzeko moduak badituztela erakutsi zieten indigenei, herritarrei. Denak dira ordezkari tokian tokiko komunitateetako gobernuetan; txandaka aritzen direlako zeregin horretan. Komunitate hauek “obeditzen agindu” printzipioan oinarritzen dira; hau da, beheko jendearen eskura jarritako politikan. Kontsultaren printzipioa: deus ez egitea herritarrei galdegin gabe. Mandamenduaren ezeztatze printzipioa: ondo egiten ez baduzu, herriak kenduko zaitu. Eta, batez ere, parte-hartze kolektiboaren printzipioa. Elkartasunean oinarritutako gizarte bat osatzen ari dira, eta taldeak du garrantzia gizarte horretan. Behean eta ezkerrean beste Europa bat badela ere gogorarazten diguten ideia eta energia herritarraren korronteak badaude, Madrilgo Sol plazako auzoan. Herritarren parte hartzea alderdi politikoetara mugatzen duen demokrazia kendu eta Demokrazia erreala ezartzeko aldarria. Kultura da gakoa. Ez dago tokian tokiko kulturan oinarritzen ez den egiazko gizarte garapenik. Ongi dakite Debagoienan. Lankitik sortutako Bagara prozesuak bailararen eraldatze sozialerako proiektua artikulatu du. Egitasmoa Debagoienako koperatiba eta indar sozialen arteko elkarrizketa eta hausnarketatik jaio da, eta bi dira abiapuntuak: elikagaien subiranotasuna jasangarritasuna eta inmigrazioa bezalako erronka berriei aurre egitearen beharra, eta kooperatibismoa proiektu sozial zabalago batean kokatzearen beharra. Zaila zen lau lagun kultura kontzeptuaren esanahiaren inguruan ados jartzea; eta egun, lagun bakarrak komeriak ditu kultura aipatzen dugunean zer arraiotaz ari garen ulertzeko. 2016ko Europako Kultur Hiriburu izateko hautagaitzaren harira asko hitz egin da kulturaz Donostian. Hitza higatu arte hitz egin ere, eta badirudi kultura turismoa esateko eufemismoa besterik ez dela. Kulturaren esanahi hertsia eta interesatua hedatu da, hiriko botereek “progresuaz” ulertzen zutenarekin lotzen den esanahi eurozentrikoa. Eta azken urteotan, kultura deitu zaien ikuskizun kolektibo funtsik gabekoez bete zaigu hiria. Kultura, ordea, nonahi eta noiznahi giza multzo bakoitzak bere buruari eman diona da. Arazoei talde modura eman dizkiegun irtenbideak dira kultura. Auzolan eta batzarre. Hiriko erakundeen egoera berriak, gure kulturan hertsiki loturik dauden bi kontzeptu horien garapen praktiko erabatekoa gauzatzeko aukerak zabaltzen ditu. Herria herritarrekin batera eraikitzea da sistema honi buelta ematen hasteko lehen heldulekua; hau da, herritarron parte hartzerik gabe ezinezkoa da erakundeak aldaketaren norabidean lerratzea. Informazio banatu, batzarretan bildu, auzolanean eraiki etorkizuna. Hauxe da Donostian hedatu beharreko kultura. Jaia ere, bere sinbologia eta moduekin, kultura da. Eta kulturaren instrumentalizazioarekin amaitzeko, auzo eta herrietan behetik gora garatzen den kultura sustatu beharra dago. Uste sendoa dut, auzo jaiak eta jai egitarau herrikoiak gizarte beharretarako eskola apartak izan daitezkeela. Berauen antolaketan eta parte-hartzean garatzen diren harreman, lotura eta tresna sozialak, gizartearen eraldaketarako giltza izan daitezke. Eredu horiek beste eremu batzuetara eramateko gai bagara beti ere. Gandhik Swaraj deitu zien. Urruneko piratek Tortuga uhartea eta Libertati Errepublika. Eta gertukoek La Flamenka.