Azal gosea
Loti Ederraren antzera bagoaz udaberriko loaldi bitxi honetatik esnatzen; etxean gorde ginen egunean oraindik bufandak eta neguko jertseak janzten genituen, eta kalera irteten hasi gara bikinia eta eguzkitako krema armairuaren fondotik ateratzeko unearekin amesten.
Nahaspila galanta utzi digu pandemia honek buruan; beldurra, ardura, etxean gordetzeko beharra, askatasunen galera, urruntze soziala; denbora epe laburrean gure egunerokotasuna atzekoz aurrera aldatu behar izan dugu, eta orain, normaltasuna berreskuratzeko unea iritsi denean, ez dakigu nola jokatu.
Debekuak debeku, logika gutxiko egoerak bizi ditugu itxialdia amaitzeko faseetan banatutako egunotan. Ez da erraza izaten ari, eta talka ugari bizi izan ditugu guztiok. Ni neu lagunekin lehen aldiz terraza batean eseri nintzen lehen egunean beldurra eta gaizkile sentsazioa sentitu nituen, bertan egotea bekatua izango balitz bezala.
Batzuek zirrara handiz bizi dute normaltasunerako itzulera, beste batzuek errezeloz begiratzen diogu datorrenari; eta bitartean, taberna batean esertzeko ilara luzeak ikusi ditugu kalean, aurretik supermerkatuetan bezala. Berdina gertatu zen kirola egiteko baimena berreskuratu genuen lehen egunean; aurretik sekula ikusi gabeko kirol sukarra bizi izan genuen denok.
Hauxe da egoera guzti honetan bereziki bitxia iruditzen zaidan fenomenoa; baimen berri bat berreskuratu bezain laster denok sentitu dugula «sari» horretaz gozatzeko beharra. Kirola egitekoa, paseatzekoa, lagunak ikustekoa, tabernan esertzekoa, dendetara itzultzekoa… oraingo fasean, aretoak, zinemak eta museoak bisitatzeko baimena berreskuratu berri dugu; ikusiko ote dugu jendea zineman ala antzokian sartzeagatik borrokan, aurretik erreserbak eginez eta ilara luzeak itxaronez?
Azal gosea da itxialdiak eta distantzia sozialak ekarri digun gaitzetako bat. Animalia sozialak garen heinean, ezinbestekoa dugu gure zentzumen primarioa elikatzea; ukimena. Bakardadea uxatu eta hitzik gabe elkar konektatzen gaituen zentzumen boteretsu hau lozorroan gelditu da, eta pantailen aro honek ere ezin izan du esnatu. Horregatik, ez genuke ahaztu behar nork salbatu gintuen ukimen gosez izan ginen egun eta gau luzeetan; liburuek, filmek, musikak… konpainia ederra egin digun harrobi kultural horren sortzaileak elikatzeko ordua dugu orain.