Azalaren mamia
Portalera sartzen ari naizela, atzetik etorri dira: hezur eta azal geratzen ari zara! Esan dio bizilagunak bere bilobari. Eskilaretan gora doazela jarraitu du, ea fundamentuz bazkaltzen al duen jantokian. Bere irudiko, neskatoa argalegi dago, gorputz-gabe, ez deus. Hezur eta azal. Esaerari erreparatu diot, ez baitio justiziarik egiten azalak duen pisuari. Azala, zer arin bat bailitzan.
Hala ez dela iruditu zitzaidan duela bi ostiral Durangon, Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan. Bertan entzun genituen emakume arrazializatuak. Eta aitortu behar dut, kanpora oporretara joan ez banaiz behintzat, gutxitan izan dudala eurak entzuteko aukera. Edo hobe esanda, gure herrian gutxitan bilatu dudala kontzienteki eurak entzuteko tartea. Begi-belarrietatik sartutakoak tenkatu zizkigun lasaitutako gorputzak: guretzat espazio segurua zena, eurentzat ez horren segurua omen. Eta hala, azala, zuria, gardena ia, egin zitzaigun pisutsuen.
Azalaren hariari tiraka urte dezente egin dut atzera. Behinola, Andoni Egaña entzun nuen hitzaldi batean esanaz, hizkuntza aldatzea azala aldatzea bezalakoa dela. Eta hizkuntza aldatzea exijitzen digutenei hori ikusarazi beharko geniekeela. Kopetan grabatuta geratu zitzaidan esaldi hura, ezin bainuen hobeto azaldu sentitzen nuena. Hizkuntza aldatzea ez zela kamiseta bat kendu eta beste bat jartzea bezain arin egiten den zerbait, alegia. Eta larruazala gorputzetik erauzterik ez dagoen bezala, hizkuntza aldarazten digutenean oso gure den zerbait erauzten ari garela sentitzen dugunok ere bagarela.
Nire uste apalean, zapalkuntza bat bizi duenari badagokio (eta beraz, badagokigu) beste zapalkuntza mota batzuk jasaten dituztenen azalean jartzea. Elkarren artean aliatzeko, berandu baino lehen hasi beharko genuke horretan. Azal eta mami.