Azalberritzea
Oraindik, noizbehinka, sargori egiten du, baina udazkena heldu da. Irailaren 23an amaitu zen uda, eguzkiak ez du berdin jotzen etxeko balkoian, eta ibilbidea zertxobait aldatzen hasia da. Amaitzear da mahats bilketa. Bi eklipse izango ditugu. Hostoak pixkanaka erortzen hasiko dira, Gladys alfonbra hori-marroixka batekin estaltzeraino eta baliteke Ondarretan harriak azaleratzea. Udalak dagoeneko jarri ditu Gabonetako argien zutoinak (erdigunean behintzat, txikitan ez nuen ulertzen zergatik Intxaurrondon Gabonetako lau argi soilik jartzen zituzten, aurten pentsatzen dut betiko berdinak jarriko dituztela). Berehala helduko da hotza, berogailu kaskarreko etxeetara jertse geruza bikoitza edo hirukoitza itzuliko da. Parte Zaharrean txokolatea txurroekin jateko kafetegi bat gutxiago izango dugu, eta izerdi patxetan dantzatzeko Aurresku itxita izango da. Itzuliko dira areto itxietako kontzertuak, babarrun janak eta nire bizitzarekin ez dakit zer egin-ak.
Gainean da propolio, jengibre eta erregina jelea garaia; edo beste batzuentzat intsentsua, horoskopoa eta eneagrama; edo salda, betiko diskoa buklean eta pare bat meme txar. Bakoitzak ahal duen moduan egin diezaiola aurre. Aspaldiko presentziak, ezagunak ditugun ausentziak eta absentzia berriak. Nolabaiteko aldaketa ekarriko duela uste dugun armairu aldaketa, arratsalde bateko ezinegona aseko duena. Eta geure buruarekin izan beharreko elkarrizketa, urte hasiera guztietako berbera: zer egin dut aurten, zer ez dut egin, zer egitea gustatuko litzaidake, zertan ari naiz, non egon nahi dut, non nintzen…
Amaitzerako, eguzkia mugitu den moduan, zu ere nora lekualdatu zaren begiratzeko unea helduko da, narrastiek azala uzten duten eran. Hala ere, kontuz udazkeneko nostalgia eta hosto labainkorrekin.
Eta han berriro, enegarren aldiz, lehen aldi bat lehenaldiari
ihes egiteko zuk nire barrutik eta nik neure barrutik
narrastiek azala uzten duten eran, laugarren azalberritze batean.
Anari – Laugarren Azalberritzea