B G puntua
Luix Barinagarrementeria, abokatua
Aitortu beharra dut azken urteotan bertsolaritzak, apurka izan bada ere, gero eta gehiago nauela erakarri –uztarri, sarri, egarri…– emeki zale fidel xamarra izateraino –noraino, gaurdaino, bi laino–. Iñaki Azkune irakaslearen ekimenez ezagutu nuen lehenengo Euskal Herriko Txapelketa. Bizkaiko aireak ekarri zidan gerora bertsolaritzarekiko zaletasunean indartzea. Ez da, egiari ohore –dotore, astore, kolore…– horrenbesterako. Eta urtean zehar saio asko entzuten ez baditut ere, batzuk pilatzen zaizkit urtea amaitzerako bertsuaren otarran –hondarran, paparran, marran…– Bertso saioa, ezagun da, mota askotarikoa izan daiteke. Oso popularra ez den arren hau esatea, ni txapelketa zalea naiz –maiz, ice, rice–. Hala da. Puntuei puntu eman, errimei arreta, gaiari harilkatzen ote zaion bertsolaria/bertsoa –unibertsoa, perbertsoa, iztertxoa…–, ofizioetan elkarrizketa ote dagoen, doinutegia aditu, potoak ehizatu… Gai izan behar horretarako ere, ezagutu, alegia. Agertu izan naizen txapelketa desberdinetako saioak tentuz jarraituta ere, ez naiz gaurdaino gauza izan puntuen arabera bertsolarien hurrenkera asmatzeko, tira, askotan antzik ere ez! Txapela norentzat, iragarri izan dut sekula –fekula, mardula, «ez dula-badula»…–. Baina keba keba. Igande honetan Ilunbeko zezen plazan jokatuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalaz, ordea, kantatuko duten zortzi bertsolarien amaierako hurrenkera osoa egitera ausartu gabe, noren buruan amaituko duen txapelak –Lab-Elak, txepelak, kupelak…–, asmatu egingo dut. Ikusiko duzu, irakurle. Lazaro Azkune izango da, aurreratu dutenaren arabera, igandeko afal aurreko instantean puntu gehien bildu dituenari txapela jarriko diona; bada nor bertsolaritzan Azkune jauna, bertsolaritzak aro latzak igaro ostean –laz-aroak– bertatik bertara egon delarik, berpizkundetxoan ongi merezita duena. Egokia beraz eskaini dioten osperako. Apalategi, Agirre, Rezola, Sarriegi eta Martin anaia-arrebak izango ditu Gaztelumendik aurrez aurre oholtzan. Azken honek oraino ez dakien arren, –ez esan!– beste zazpiek bai, badakite Lazarok igandean Añorgatarraren buruan jantziko duela txapela. B G puntua, asuntua, kontua, kantua, santua, Añorgan ez soilik zementua…


