'B Seriea'
Xabier Etxaniz Rojo, Idazlea
Italiako Calcioan, Reala A Serieko taldea litzateke datorren denboraldian, eta Racing B Seriean legoke. Espainiakoan, berriz, Realak BBVA Ligan egoteko eskubidea irabazi du, eta Racingek Adelante ligako infernua bisitatuko du, ondo merezita gainera. Eta gu pozik. Eta haiek negarrez. Saviok azken penalti hura huts egin zuenean bezalaxe, baina alderantziz.
Joan den larunbateko partidaren atsedenaldian, B serieko pelikula bat ikusten ari nintzela otu zitzaidan. Edo are okerragoa, TV movie bat. Aktore eskasak, zuzendari erdipurdikoak, trama ezaguna, bukaera zoriontsua… Eguraldiak ere areagotu zuen sentsazioa, noski, larunbateko hodei grisek eta euri zaparrada amaigabeek futbolerako bainoago etxeko epelean, bertan goxo, mantatxo baten azpian egotera gonbidatzen baitzuten. Etxean egon izan banintz, katea aldatuko nukeen, hain zen txarra ikusten ari nintzena…
Bigarren zatian, baina, gauzak apur bat aldatu ziren. Racingek berean jarraitu zuen, gaiztoaren papera bete nahian baina papera benetan sinetsi gabe eta, horren ondorioz, funtsik gabeko interpretazio kaskar bat burutu zuen, federik eta arimarik gabekoa. Ez pentsa, hala ere, gure jokalariak askoz hobeto ari zirenik, baina behintzat gidoia ikasita zeukaten. Halako batean, Griezmannek protagonistaren papera hartu eta, ia konturatu gabe, bi gol eta erdi sartu zituen. Horrela esanda, badirudi ezen frantsesak kristoren partida egin zuela, baina, funtsean, gidoiak agintzen zuena betetzera mugatu zen.
Zuzendariak dio pozik dagoela lortutako emaitzarekin. Helburua pelikula bukatzea zen eta argi dago lortu duela. Bejondeiola! Haatik, publikoa zalantzaz beterik dago oraindik, txalotu ez txalotu. Ikusi duguna B Serieko pelikula bat izan al da? TV movie bat? Principe zinemakoek onartuko al lukete? Eta zer diote ekoizleek? Pozik geratu al dira? Ez dakit…
Nik ere zalantzak ditut. Ez dut esaten Oscar sari bat irabazi behar dugunik –Urrezko Maskor batekin nahikoa eta sobera– baina, kalitate jauzi bat agindu zigutenez…


