Ba al gera?
Arduratuta nago danborradaren jatorri eta esanahia guztiz desitxuratua dutenekin. Izango da oraindik soldaduei iseka egiten zieten sukaldarien jatorrian sinesten duenik. Nik, aldiz, ezin imajina ditzaket armak eskuetan zituzten soldaduen atzetik brometan donostiar haiek.
Inauteriak datoz… Gehientsuenak ados gaude: danborrada inauteri konpartsa bat da. Baina zer dira inauteriak? Guztiz hedatua dagoen festa hauen ezaugarria umorea, parodia eta satira dira. Munduko hainbat lekutan oso modu ezberdinean ospatzen den arren, guztietan agertzen da ezaugarritzat halako permisibitate edo kontrol eza, gizarte ordena urratu eta eraldatzen duena. Legeak hausteko arotzat jo daiteke inauteria. Erlijio kristauaren eraginez, garizuma aldiaren aurreko egunetan ospatu ohi da, 40 egun hauek debekuz josita egon ohi direnez, aurretiko neurrigabekeriarekin lotzen da inauteria.
Hala bada, oso oker ulertzen dugu donostiarrok danborrada. Adibidetzat, udalak danborradan parte hartzeko bere webgunean zerrendatzen duen araudia: debekuz eta betebeharrez josia. Bertan irakur ditzakegu adibidez txarangek gutxienik hamalau pertsonaz osatuta behar dutela. Zein instrumentu jo behar duten aipamenik gabe, imajina ditzaket lau txindata-jotzaileko taldeak, udalaren araudia betetzearren. «Derrigorrez» jo beharreko pieza zerrenda, eta «aukerakoak» azpian. «Ezingo da beste musika-konposaketarik jo». Hala jasotzen da hitzez hitz arautegian. Zentzugabeko gehiegikeria hauei gehi diezazkiekegu hainbat elkartek danborradan parte hartu ahal izateko argitaratzen dituzten legediak. 27 orriko arautegiak topatu ditut. Horra zer dan gure Donostia…
Nork sortu ditu lege eta arau hauek? Nor da udala arau hauek ezartzeko? Eta Inauteria, arauak hausteko garaia bada, nola ulertu halakorik? Gaurdanik gerora, penak zokora, festara, dantzara!
Serafin Barojak Donostiar «Kashkoarinen» deskripzio ederrez josi zuen hiri batek izan dezakeen martxarik umoretsuena. Gaur egungo ñoñostiarren ikuspegitik oso urrun. Gu beti pozez, beti alai…
Ez dakit ba zein den tradizioa bizirik mantentzen duena, legeok betetzen dituen edozein elkarte edo Ur-kirolak elkartea: 80 urtez, gutxienez, kalerik kale danborra joaz umore ona zabaltzen diharduena. Udalak ezartzen duen danborrada «ofizialetik» ihes, benetako inauteriko konpartsa kaleratzen duelarik. Aurrez entsegurik egin gabe, eskoba bat zuzendariarentzat, eta txistulari tropa (hamalau baino gehiago) txaranga gisa!
Bide batez, Joxemari(tar) zahar eta gazteak, Parte Zaharreko hiritar guztiei egiten diela erreferentzia gogoratu beharra dago, izan gizon zein emakume. Udalaren programa ofizialak aldiz, gizonezkoez soilik osaturiko, eta emakumeak onartzen ez dituzten, bederatzi talde jasotzen ditu oraindik. Ba al gera? Gu ere bai!