Badagoen hiriari erreparatu behar dio Donostiako HAPO berriak
Donostiako hiri antolamenduko plan orokorraren (HAPO) berrikuspena aukera bat da gure herriak aspalditik dituen gabeziei irtenbidea emateko. 1930etik (artean udalerria zen) 1986ra, Altzako biztanleria zortzikoiztu egin zen, eta, 40.000 bizilagun berri haiek hartzeko, etxe asko eraiki ziren, edozein txokotan eta modutan, familiak espazio txikietan pilatuta, azpiegitura eskasekin, eremu librerik eta zuzkidurarik atondu gabe; hirigintza deskontrolatu haren ondorioak gaur arte iritsi dira.
Altza eremu jendetsua da, eta etxebizitza dentsitate handia du. Etxeak zahartuta daude eta birgaitze behar handiak dituzte, baita eraikinen inguruko eremu publiko-pribatuek ere. Gainera, eraikita dagoen hiria askotarikoa eta konplexua da, maldatsua delako, eta irisgarritasuna errazteko irtenbiderik gabe eraiki zelako (Altza da hirigintzaren aldetik kalteberen dagoen Gipuzkoako hiri eremua).
«Udalak eginkizun bat du; are, erronka bat, kontrolik gabeko hirigintzaren kume diren gure auzoetan: eraikitako hiria berroneratu egin behar du, hiri ehunak kohesionatuta»
Ekipamenduak eta azpiegiturak aldenduta daude elkarren artean, kota ezberdineko auzoetan banatuta, eta ez daude egoki lotuta, herritarron fluxuak zailduz. Etxe inguruetako pasabide eta eremu asko pribatuak izateak ere areago korapilatzen du egoera, baita hainbat gune mantentzeko ardura udalarena den argitu gabe egoteak ere. Biztanleria zahartzen doan heinean (igogailua behar duten Donostiako adinekoen %45 Altzan bizi da) nabariagoak dira gabezia horiek. Horri gehitu behar zaio altzatarrok dugun zaurgarritasun ekonomiko handia, eta, beraz, zaila zaigula irisgarritasuna bermatzeko lanak egitea. Ondorioz, Altzako espazio publikoa utzita eta zabartuta dago, irisgarritasun gabezia handiekin. Arazo horiek ezagun ditu Donostiako Udalak, baina Mantentze Sailaren gain utzita du auzoen premiei erantzuteko ardura, osotasuneko ikuspegirik eskaini gabe.
Alderdi horiek guztiak esanguratsuak izanik, HAPOaren berrikuspenak kontuan izan beharko lituzke finkatutako hiriak dituen gabeziak. Horregatik, Gure Bidearen ustez, udalak eginkizun bat du; are, erronka bat, kontrolik gabeko hirigintzaren kume diren gure auzoetan: eraikitako hiria berroneratu egin behar du, hiri ehunak kohesionatuta, irisgarritasunik ez duten eta narriatuta dauden tokietan hiri eraberritze integraleko jarduketak abiatuz, duintasuna emateko eraikita dagoen hiriari, gizarteko bizitza gara dadin kalitate estandar egokiekin eta desberdintasunei aurre eginda. Bada badagoen hiriari erreparatzeko garaia; bada erreparaziorako sasoia.