Bagera, gu ere bai
Urtarrilaren 20a, San Sebastian eguna, danborraden eguna. Sarriegi plazan danbor jotzailea eta urketaria daude, azken honek bere lehenengo jaiak biziko ditu. Hau gutxitan esango dut, ze ni ere zuek bezain donostiarra naiz, bai, baina ez, ez da nire jairik kuttunena.
Aurtengo helduen danborrada inoizko jendetsuena izango omen da, eta azken datuen arabera 157 danborradak parte hartuko dute. Parte-hartzaileen artean %45 emakumeak dira eta %55 gizonak. Lehen begiradan nahiko datu parekideak dirudite, edo ez?
Jakin nahiko nuke zenbat donostiarrek baieztatuko luketen azken urteetan geure festak parekideak direla. Hemen izan genuela gatazka «kontu hauekin» garai batean, baina dagoeneko gainditu dugula, ez beste herri askotan festa eta tradizioari lotuta pasatzen den moduan.
Hala ere, egun hauetan irakurri dugun moduan, bi danborrada gizonez bakarrik daude osaturik, eta beste 6 danborradatan emakumeek figura ezberdinak betetzen dituzte, ezin dute danborra edo upela jo. Badirudi guztira 8 danborrada baztertzaile ditugula hirian. Hiriko kaleetan zehar desfilatzen duten danborrada baztertzaileak, hirian baino gehiago, Parte Zaharrean eta Erdialdean. Danborrada baztertzaileak.
Baina bueno, esango duzu: zer dira 8 danborrada hirian guztira 157 ditugula kontuan hartzen badugu? Spoiler. Udalak eskura jarri dituen datuei erreparatzen badiegu ikusiko dugu nola muga nabarmenak ditugun. Aurten emakumeen parte-hartzea %33ra heltzen ez den 31 danborradek desfilatuko dute geure kaleetan, emakumeak ez dira kideen herena izatera heltzen danborrada hauetan. Baina gure festak ez al ziren parekideak?
Eta orain bai, San Sebastian egunaren sekreturik gordeena jarriko dugu mahai gainean: gehienetan nork jotzen du upela eta nork danborra? Hauetara sarbidea irekia da? Danborrada guztietan jo dezakete emakumeek danborra? Edo euren aukera bakarra upela jotzea da, eta urketariz jantzita bada hobeto? Bueno, banderaduna edo kantinera izan daitezke bestela. Beste egun batean figura militar hauen inguruan hitz egin beharko genuke. Gainera, behin hitz egiten hasita, zer pasatzen da arroparekin? Ba, etengabe genero arauak indartzen gabiltzala danborrada gehienetan, emakume-gizon binomioa indartzen.
Hala ere, asko gustatuko litzaidake udalak danbor nagusien datuak ere eman izana, emakumeak nekez iristen baitira postu hauetara. Eskatzen hasita ondo legoke danborraden zuzendaritza edo batzordeetako kideen datuak ere eskuragarri izatea, bertan hartzen dira erabakiak eta gehienak oso eremu maskulinizatuak izango direla esaten dit intuizioak. Eta amaitzeko, musikarien inguruan ere hitz egin beharko genuke arrakala zenbaterainokoa den irudikatzeko.
Amaierarako danborrada feministak irudikatzea kosta egiten zaigu, oraingoz parekideak izatea eginbehar handia baita kasu gehiegitan.