'Bagina, bagenu eta balira'
Xabier Etxaniz Rojo, idazlea
Atzera ere, esku-hutsik etxera. Jadanik bost dira garaipenik gabeko jardunaldiak eta Fukushimako zentral nuklearretan nola, hala piztu dira gurean alarma gorri guztiak, denak batera. Eta alarma egoeran gaudenez eta argi gorriak noiz eta nola amatatuko dituzten ez dakigunez, urduri jartzen hasi gara. Zeinek esan behar zigun guri Lehen Maila Bigarrena baino luzeagoa suertatu behar zitzaigula! Dena den, ni lasai nago. Zergatik? Nire koinatu Eduren konpainian ikusi nituelako Santanderreko partidaren azken minutuak. Futbolari dagokionez, nire koinatu Edu oso urduria da, aukerak irabazteko bainoago aukerak galtzeko ikusten dituen horietakoa, mamuen presentzia zein erabateko hondamendien itzala berehala sumatzen dituenetakoa. Haatik, igandean lasai antzean zegoen. «Zorte txarra izan dugu, Xabi –esan zidan-, apur bat hobeak bagina… eta horren zorte txarrik izango ez bagenu… eta arbitroak horren txarrak ez balira… Ez da asko falta zaiguna, pittin bat baino ez…» Egia esan, ez zen asko nire koinatu Eduk eskatzen zuena. Ez gara txarrak –ez, behinik behin, Racingekoak edota Malagakoak baino txarragoak– eta Ifranen falta jaurtiketan gertatutakoa erraz asko lepora dakioke zorte txarrari. Azken batean, baloiak zentimetro bat eskuinago jo izan balu edota, geldirik geratu beharrean, atezainak baloia gelditzera egin izan balu, ziurrenik egoera bestelakoa litzateke orain. Pittin bat… horixe da nire koinatu Eduren ustez falta zaiguna. Pittin bat… sei edo zazpi puntu gehiago, hori baino ez… nondik aterako ditugun, ezin jakin, baina Hercules, Sporting, Zaragoza eta Getaferen aurka etxean jokatu behar dugu… eta Bilbon puntutxoren bat eskura genezake, derbiak partida bereziak baitira… eta bisitan etortzen denerako ziurrenik Bartzelonak liga poltsikoan izango du… Eta gauzak horrela, ni lasai nago, nire koinatua baita hondamendiak sumatzen lehena… Hori, bai, gerta liteke nire koinatu Eduk futbolaz tutik ere ez jakitea… baina tira… agian baldintza gehiegi jartzen diogu lasaitasunari…
