'Bai, hori da, ez'
Xabier Vazquez, Realzalea
Tristea da esatea, baina hainbeste denbora eta gogo kentzen digun futbola bezain gauza inozoek askotan ez dute hitz egiteko askoz gehiago ematen. Realaren partidaren laburpenik onena Oilategia irratsaioan entzun ahal izan dut. Hau da, parodia batean. Larrañagaren jarduna imitatzen, Realaren egoera maisuki adierazi zuten: «Bai, hori da, ez, Realak azken partidak galdu ditu, gora begira ari ginen eta orain behera begira gaude, ez? Bada, hori da futbola, ez?». Gehitzeko askoz gehiago ez dago, norberak egindako hausnarketa sakon-sakonak alde batera utzita. Aurrekoan aipatu nuen batzuek errua anbizio-ezari egozten ziotela, eta tinko eutsi diote gero bereari. Realak UEFArako sailkatu asmoz lehiatu behar zuela esan eta orain jaitsiera dela eta beldurrak airean egonda… ez pentsa erratu zirenik, ez, beraiek bazekiten eta taldea motibatzeko zerabilten ahoan UEFAko kontu hori. «Ikaragarriya», Oilategian esaten duten moduan. Realaren gorabehera hauek ez dira berriak. Iaz Realak une larriei buelta eman ahal izan zien (askotan besteen akatsei esker) eta une gozoetan pilaturiko almohadatxoari etekina atera zion. Lasarteri buruz hitz onak izan ziren, ni lehena ziurrenik, taldea sortzen jakin zuela, izaera eman ziola eta arazoei buelta emateko gaitasuna… Badakizue, huts eginez bada ere, hutsuneak bete egin behar dira, halakoa izaten da askotan futbolari buruz hitz egitea: ohiko topikoen zerrenda ahotan hartzea, ahal izanez gero norberak dituen ideia edo usteen ahalik eta aldekoenen. Baina errealitateak agintzen du (beno, gurean bada paretaren aurka burukadaka ibiltzea gustuko duenik), eta orain talde honek burua lehengo lepotik duelako diskurtsoa dagokigu, alegia, bolada txarretan urduritasunak lehen hain alaiki jokatzen zuten Zurutuza, Prieto, Griezmman… blokeatuta dauzkala. Eta une latzetan beldurrari eta kezkari aurre egiten ez dakigula. Horrelakoetan lehen topikoa «lehen ez ziren hain onak, orain ez dira hain txarrak» izaten da. Baina entrenatzaileak egoera konpontzea lortu ezean beste bat etorri ohi da laster: «Lasarte kanpora». Topiko horiek ez ateratzeko konponbide bakarra dago, baina beldur naiz Calderon ez dela toki egokiena tratamendua hasteko. Halere, zoritxarrez esku hutsik itzultzea ez da zelai horretatik dugun oroimen saminena.


