Bakoitzak berea
Sentitzen dut horrela hastea testu hau. Baina bai lagunok, amaitzear dago abuztua. Batzuk agian opor giroaren azken arrastoak aprobetxatu nahian ibiliko zarete inguruko herrietako txosnetan, mendietan edo hondartzetan. Beste batzuek, ziur aski, lanerako itzulera kudeatzearekin nahikoa izango duzue.
Iraila hastearekin batera kontadorea berrabiarazten dugu gehienok. Eta urteberri eguneko promesa antzuekin bezala, ikasturte berriari aurrekoaren irakaspenetatik heltzen saiatzen gara. Donostian, uste dut, aurtengoan azken irakaspenak Aste Nagusiak eman dizkigula. Ez gara denboran hain atzera joan behar. Batzuk tematuta egongo dira uda eta Aste Nagusi arrakastatsuak izan ditugula ziurtatzen. Noski, suak beti bezain eder ikusi dira, eta ez da inor izozkirik probatu gabe gelditu. Hiriaren sekulako irudia saldu dugu. «Ze onak garen e, Ernesto…».
Zorionez, postaleko Donostiari kontrajartzen zaionik badago. Eta eskerrak, jarraian hamaika eraso sexisten salaketen berri izan ondoren, Aste Nagusia arrakastatsutik gutxi izaten ari zela ondorioztatu zutenak egon zirela. Uste dut esan beharrik ez dagoela, baina Donostiako Piratek egun osoko egitaraua eten izana erabaki txalogarria bezain ausarta iruditzen zait. Eta tamainako erantzuna eman bazitzaion ere, gertatutakoaren larritasunak oraindik ere ezinegon handia sentiarazten duelakoan nago.
Aste Nagusiaren aurretik, alkateak jaietan eraso sexistak saihesteko Koordinazio Batzordea batu zuen. Zazpi gizonen artean pentsatu zuten emakumeok Aste Nagusiaz aske gozatu ahal izateko zer behar genuen. Eta hara non, kaleak poliziaz betetzea erabaki zuten. Denok dakigulako tabernan dantzan zaudenean atzetik norbaitek ipurdia ukitzen dizula galarazteko teknikarik egokiena kaleak poliziaz josita egotea dela.
«Ez duzue ezer ulertu», errepikatu du behin eta berriro mugimendu feministak aurtengo udaran. Eta uste dut udal gobernuan ere ez dutela ezer ulertu, edo ez dutela ezer ulertu nahi. Aste Nagusian zein beste edozein garaitan, hiri hau hemen bizi garen emakumeontzat ere izatea nahi badugu, agian iraila garai ona litzateke mugimendu feministarekin eta hezkuntza eragileekin batu eta eraso sexistak galarazteko benetako Koordinazio Batzorde bat eratzeko, adibidez. Horrela, agian, erasotzaileak poliziarekin «geldiarazi» baino, erasotzaileak hezteari uzten hasteko bide bat marrazten has gintezke. Baina tira, denok dakigu Gaztelubide elkartean goxoago egoten dela kantu artean. Bakoitza dagokion tokian eta bakoitzak berea, ezta?