Unai Elizasu: 'Baleari'
Lehen irudiak ikusi nituenean, enpresa baten marketin muntaia zela pensatu nuen. Edo abenduaren 28rako, egunkari bateko diseinatzaile grafikoren baten inuxenteetako irudiaren filtrazioa.
Baina ez, balea zen, balea! Eta orduan imaginatu nuen, orain ehundaka urte, atalaian zegoen gazte hura. Zai, itsasoari begira. Goiz eta arratsalde, ortzimugari so. Zerua eta urak lotzen dituen marra hortatik haratago zer ote zen imaginatuz. Eta nik, imaginatu dut gazte horri balea ikustean sortuko zitzaion poza, kezka, presa… Imaginatu dut portura jaisten, korrika, oihuka… eta imaginatu ditut, arrantzaleak, trainerua hartu eta portutik irteten. Kontxako estropadan izaten dugun sentsazio beretxuarekin… gogoa, ilusioa, antsia, kezka… eta imaginatu ditut bale ingurura hurbiltzen… arpoia hartu eta…
Eta imaginazioan nabigatzen ari nintzela, umeetan ikasitako Orioko balearen bertsoaren doinuan hasi naiz letrari ikutu berria emanez…
Bi mila hamabiko
abenduak seian,
balea agertu zan
hamarrak aldian,
hondarrak arrotuaz
ezin igerian,
zelako ikusmira
kontxako badian
Eta arpoiak? Arpoiak akuriumen daude orain. Dinamita berriz, urte zaharretako suzietan. Eta balearen zorriak… non daude balearen zorriak?
Bost traineru ez dira baina kontxan agertutako balearengana irten. Donostian ez baita Olaizola, Loidi, Uranga, Atxaga eta Manterolarik. Donostian, traineru bakarra da; eta balea bezela, zorriak astindu eta aspaldi ez bezain gustora hasi da urak arrotzen. Zenbat argazki, zenbat bideo balea agertu dala eta. Eta, zergatik hil den ezin jakinda daude adituak. Nekatua zegoen. Ahula. Gutxi jaten omen zuen. Euskaldunei jaten ematen zigun bale haien ondorengoak, goseak hil omen da. Balea, nola bizi ote zen gustora jakingo nuke baina. Nola iritsi ote zen gurera. Nola galdu zen bidean… eta:
Gertatua jarri det
egiaren alde,
hau horrela ez bada
Youtuberi galde,
bihotza hozturikan
tristeturik gaude,
Gora oriotarrak
hobe, esan gabe!
Baleari begira jarri dira danak egunotan. Hondarretik nola atera duen gruak, balearen isatsa kamioitik kanpo, nola lurperatu duten… erreportaiak, aukeran, nahi baino gehiago ikusi ditugu. Baina nik, bertso zaharrak kantatu dizkiot nire barruko baleari. Bizitzako arpoi, dinamita eta zorriei aurre eginez, itsasoari begira.