Baserritarren alaba
Bai, baserritarren alaba naiz, eta ez naiz sekula hortaz lotsatu, kontrakoa baizik, harro sentitu izan naiz beti. Baserrian jaio eta hezi ziren nire gurasoak; aita errezildarra da, Xoxarreta baserriko seme zaharrena, eta ama donostiarra, Sabene-Etxeberri baserrikoa. Ospitaletik gertu zegoen amaren jaiotetxea, garai batean «Alto Amara» deitzen zioten inguruan. Ongi zaildu zen ama inguru horretan, txiki-txikitatik baserriko lanak eginez, gainontzeko anai-arrebekin batera. Aita Donostiara etorri zen lanera gaztea zela, eta ama ezagutu ostean, urteetan ere lan asko egin zuen baserrian amaren anaiarekin batera: ehunka txerri hazi, baratzea landu… San Tomas egunean festaren erdian egoten zen txerri lodia ere urteetan hezi izan zuten.
Nire anai-arrebak eta lehengusuak Etxeberrin hezi ziren. Batzuk egunero eta besteak astebururo egoten ziren han. Amona artean bizirik zen, eta pozik jasotzen zituen biloben bisitak. Urteetara jaio nintzen ni, eta lan gutxi egin nuen baratzean, baina ongi gogoan dut, esaterako, lehen iloba jaio zenean nola ari ginen senitartekoak patata jasotzen Etxeberriko lurretan. Oroitzapen politak, benetan.
Guk beti Etxeberri deitu izan diogu, baina Donostiako baserrien inguruan egin nuen erreportaje baten ondorioz jakin nuen etxearen benetako izena, Josu Tellabide historialariari esker. Hori eta gehiago jakin nuen gure historiaz, errespetatzen dudan historiaz. Ez naiz izango, noski, hiri honetan baserriez gehien dakiena, ezta gutxiago ere, bai ordea gehien maite dituenetakoa, seguru. Ez nintzateke hemen egongo nire aurrekoek ez balute baserrietan lanik egin, ez nintzateke naizena izango bizimodu hura existitu izan ez balitz.
Osabaz gogoratzen naiz asko orain, iaz joan zitzaigun, gure osaba maitea. Etxeberrin bizi izan zen izebarekin, eta han jaio ziren nire lehengusuak. Handik alde egin behar izan zuten, seme-alabak txikiak zirela, maizterrak baitziren, eta eraikina laster botako zutela esan baitzieten. Urteak joan ziren, eta baserrian bizitzen jarraitu zuen osabak, han lo egiten ez bazuen ere, huraxe baitzuen maitea. Gai izan zen 2006an baserria nola botatzen zuten ikustera joateko, eta ziur nago malkoren bat bota zuela, ni orain ari naizen moduan, lerro hauek idazten ari naizen bitartean.
Bota zuten Etxeberri, hiriko beste hainbat baserriren moduan, baina geratzen diren gutxiak salbatzeko moduan gaude oraindik. Ezin dut ulertu zein interes dagoen gure ondarea ezabatzeko. Astiñenerekin noiz arte itxarongo dugu? Munto bezala pusketetan erortzen ari den momentura arte? Botatzea besterik geratzen ez den momentura arte? Benetan momentua da udala eta aldundiaren artean pilota bueltaka ibiltzeko? Ez dut uste.