'Bazkalosteko kafea'
Unai Elizasu, gai jartzailea
“Esperantzarik gabeko zenbait…” ezagutzen nituen Urtzik idatzi eta Mikelen ahotsak ezagun egin zituen bertsoak. Ezagutzeaz gain, buruz, puntuz puntu kantatzen asmatuko nukeela uste dut. Baina ezagutza hutsa ez da aski. Askotan, memorian gordeta izan genitzake hainbeste bertso, hitz eta une… memorian nituen bertsok hauek, baina testuak zioena, egiaz zioena… gaur arte, zukutu gabeko hitzak ziren. Bazkalostean hartu izan ohi dut eguneko lehen kafea. Azken aldian baina, goizetan ere hartu izan ohi dut baten bat edo bi. Lanbideko ilaran langabetuen ondoan jarri aurretik ere, hartzen dut ebakia. Ilara horrek ere badu kafetik. Jende asko, aho zapore garratzeko, barruak bero… eta geroa beltz ikusten dutenak daude. Lanbide beharrean, Kafebide deitu beharko ote genioke ilara horri? Neu ere langabea naiz, baina ez nago lan gabe. Soldata gabe bai, baina lanik gabe ez. Lanak sortzen, atontzen, lotzen eta erotzen ari naiz. Tamalez, langabeen ilaran gehiegi dira lan gabe daudenak. Asmamen gutxi eta ausardia gutxiagokoak nire ustez baina… Azken asteburuotan ere, JoxeMarirekin hartu ohi dut txapelketako saio aurreko kafea. Kafea tantarekin hartzen dugu biok. Nire kafeak, esne tanta bat du… Joxemarirenak… Nire kafeak, esne tanta bat duela esan dut aurretik, ezta? Ikastolako lagunekin hartu nuen kafe bat aurrekoan ere. Aitzakia besterik ez da kafea. Aitzakia ederra. Egungo kontuak, kontu zaharrak… kikara baten bueltan, azukre dira… goxoa eta gozagarri. Kafea ere izan liteke, zer edozeren abiapuntu… izan liteke zer edo zerren amaiera… baina kafe orok du zer edo zer. Hitz aspertuetatik traszendentaletaraino… sentikorrak, azalekoak… hotza, epela, beroa… Onartzen dut, kafezale naiz… baina ez kafea gustuko dudalako, kafearen inguruan sortzen den hori maite dudalako baizik. Badaramat, kafetegi batean denboratxo bat zain… eta kafea parez pare dut. Ez dugu, azken bertsoak dioenera iritsi nahi baina… Ez kafeak, ezta nik ere!