
Aniztasuna. Ez dute Euskal Herrian aniztasunik ez dagoenik esango; aniztasuna eta ezberdintasuna, hori ere egia da. Asteburu batean Donostiako Erdialdeko kaleetan paseoan ibili besterik ez dago hori egiaztatzeko.
Errealitatetik ametsera egin daiteke salto lau pausotan. Bidean hainbat helburu, aldarrikapen, bidegabekeria, konpromiso, nagikeria, ardura, alperkeria. Anitza nire bidaia, eta begirada bidaide bakarra.
Udaletxean abiapuntua. Bidebietako bizilagunak pozik, auzolanean kudeatu, auzolanean garbitu, zaindu eta erabiliko duten eraikineko giltzak lortu dituztelako. Auzotarrak bildu eta aktibatzeko konpromisoa eta ardura hartu dute euren gain, eta pozik daude; zoriontsu.
Nire bidaiak aurrera darrai.
Gipuzkoa plazan lau postu, Bidezko Merkataritza zer den erakusteko ahaleginean. Ona omen da erosten duenarentzako, ekoizten duenarentzako, eta bereziki, mundua aldatzeko. Ekonomia politika eta gizarte eredu duin bat dute amets. Baina lau kale haruntzago, hara non errealitatea: merkataritza, bidezkorik gabe. Egungo kontsumo ereduaren oinarri den salmenta eta erosketa zurrunbiloa; eta ez lau postutxo soilik.
Ni, poltsaz beteriko jende zoriontsuaren artean aurrera.
Morlansen hurrengo geltokia. Hauek ere zoriontsu, auzoko jaiak berreskuratu dituztelako. Auzo berria, auzotar berriak, eta zaharrak berri. Auzotarrak bildu eta aktibatzeko konpromisoa eta ardura hartu dute euren gain, eta pozik daude; zoriontsu.
Mundua aldatzeko bidean aurrera, Antiguako tuneleruntz. Hondartzan etzanda bainujantziaren marka ahalik eta txikiena izatea beste kezkarik ez dutenei begiradatxo bat…ikurrina bat urrunean.
Ni, jende artean aurrera; jende zoriontsuaren artean aurrera.
Antiguako olatuari bizkar emanda Alderdi Ederrera atzera bueltan. Han ere denak zoriontsu.
Elkarbizitza abiapuntu, bidaia elkarren eskutik helduta egitea erabaki duten ezkongaiak, irribarretsu. Bata bestearen atzetik ezkontzak udaletxean. Pinguino jantzia beharrean, kamiseta urdina soinean jantzita ere herritar asko bata bestearen atzetik, erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katean. Bulebarrean, bitartean, tango lehiaketa; hauek ere zoriontsu.
Anitza metro gutxitan gure herriaren doinua, kolorea.
Nazio bat omen gara; erabakitzeko eskubidea omen dugu; eta herritarron garaia omen da gainera. Ni, jende artean aurrera.
–Mama, ¿que es esto?–; –Una de esas manifestaciones que hacen los vascos–. Aurrera jarraitzea, nere erabakia.
Erabakiek beti dute eraginen bat, ondorioren bat. Erabakitzeko eskubidea funtsezkoa da, ados. Baina bi pauso aurrerago goazelakoan nago. Askok ez ote dute argazkia soilik buruan. Durangotik Iruñera iristen den giza katea; argazki polita. Baina zenbat erabaki daude bidean?
Larunbatean ezkontzea erabaki zuten bikote horiek ere lotu dute euren katea; argazki polita eurena ere. Baina argazkirik gabeko zenbat erabaki hartu behar izaten dira egunero. Erabakiek badute ardura.
Besteak beste, hizkuntza politika aukeratzeko eskubidea aldarrikatzen du Gure Esku Dago dinamikak. Eskubideaz haratago, zergatik ez da ba, euskaraz hitz egitea erabakitzen, euskarazko medioak babestea erabakitzen, euskaraz bizitzen? Gure esku dago.
Ekonomia eredua aukeratzeko eskubidea. Eskura jartzen digute bidezkoa den merkataritza, baina kontsumo eredu eta datuek ez dute gezurrik esaten.
Hezkuntza politika aukeratzeko eskubidea. Etxetik dator hezkuntzaren oinarria, eta etxekoa bai, norbere esku dago.
Argazkia polita geratuko da bai, baina ez ditzagun bideko erabaki eta eskubideak ahaztu; norbere esku dauden horiek. Bihotz eta buru askeetan dago zoriona, beraz, pinguinoz edo kamiseta urdinez, arlote edo elegante,
har dezagun bidea gure esku dago eta…