Beharrezkoa
Astelehena, azaroak 27, izeba deika eta deika. Negar artean, aita azaldu dela esaten dit; lehenengo erreakzioa besarkada bat izan zen. Azaroak 28an, birraitonaren zein Donostian fusilatutakoen omenez dagoen monolitoa bisitatu genuen loreak uzteko, eta oihu batean esan zuen, «azaldu zara aita, lore guztiak zuretzako», erabat hunkituta. Pozak, ilusioak, shockak eta urduritasunak zeharkatzen gintuen. «Orain zer?» zen galdera, urte askoren ondoren itxarondakoa bete eta gero, zer egingo dugu?
Urte luzez borrokan egon eta gero, desirarik handiena bete zenioten izebari, bai eta familia osoari ere. Belaunaldiz belaunaldi transmititu zaigu gure birraitonari gertatutakoa, Euskal Herriko beste askori bezala. Gezurra dirudien arren, nahiz eta lotura emozional zuzena ez eduki gure birraitonarekin, guk ere bagenuen min hori gure barneetan, atera ezinean egon dena denbora askoz. Eguneroko pasarteak izebarekin kafe baten bueltan, negar malkoak bere begietan eta etsipen agerikoa, jada esperantza guztiz galduta baitzuen. Egunero kontatzen dizkigu bere bizitzako pasarteak, gehienak aitarekin zerikusia dutenak. Hau ez da mirari bat izan, izebaren etengabeko borrokak ahalbidetu du hau, aita non dagoen jakin arte gelditu ez baita egin. Zenbat elkarrizketa, aldizkari mordotan idatzi, telebistan ere parte hartu, omenaldiak, hitzaldiak… horietan guztietan buru-belarri egon da.
Bigarren mailako biktima sentitu izan gara askotan, instituzioek alde batera begiratu baitute duela gutxi arte. Hala ere, hau ez liteke posible Oiartzunen moduko herriak ez baleude, non udalak zein hainbat eragilek zaindu dituzten gure birraitonaren gorpuzkiak gaur arte. Bada garaia desagertuta jarraitzen duten horiek guztiak aurkitzeko eta benetako erreparazioa egiteko familiei. Gertatutakoa ahazten ari den honetan, azpimarratu nahi dut denon ardura dela, bai eta bereziki instituzioena, bermeak jartzea hau berriro gerta ez dadin eta datozenei transmititu dadin.