Behobia-Donostia: ikurrina eta euskal selekzioa herri libre baten parte dela aldarrikatzen duen bisera
Hilaren 10ean Behobia-Donostia egingo da, nazioartean oihartzun handienetakoa duen lasterketa herrikoi bat, Euskal Herrian kirola bizitzeko modu parte hartzaile, festazale eta herrikoia daukagula munduari erakutsarazteko aukera paregabea.
Euskal Herria munduaren aurrean aurkezteko modu oso berezia duen herria da, kirol esparruan ere. Hala bizi izan genuen 2023ko uztailaren 1ean Frantziako Tourra Bilboko kaleetatik abiatu zenean. Kirolarien esfortzua aitortzea, kirol probak alaiki ospatzea eta, aldi berean, munduari erakustea gure etorkizuna libreki erabaki nahi duen zazpi lurraldez osaturiko herri bat garela. Hori da, hain zuzen ere, gure ikurrinak adierazten duena: erabakitzeko eskubidea, inoren menpe egon behar ez lukeena, herritarren eskura baizik. Herri libre bat.
Sei egun beranduago, azaroaren 16an zehazki, Bagara! ikus-entzunezko maratoia egingo dugu. 12 orduz, Euskal Herria irudikatuko dugu, bideo kate erraldoi baten bidez. Herri, eragile, pertsona, proiektu eta bestelako taldeen errealitateak erakutsiko ditugu. Erabakitzeko eskubidearen eta herri identitatearen aldeko dozenaka bideo grabazioren bidez, emisio erraldoi bat osatuko dugu, maratoi bat izango balitz bezala.
Bi maratoi, bi egiteko modu ezberdin. Baina, ideia beraren bueltan, denboran zehar mantentzen den ahaleginaren garrantzia. Entrenamendua, egunerokoan lan egiteko gaitasuna eta auzolana, bere etorkizuna libreki erabaki nahi duen Euskal Herri korrikalariaren espresioa ere baita.
Kirola euskal herritarrontzat, Euskal Herriko lurraldeak batzeko eta elkarlanean aritzeko modu berezia da. Argi dugu munduaren aurrean aurkezteko modu onenetako bat gure izateko era zein kirola ulertzeko daukagun modu berezia dela. Hori dela eta, gure koloreekin lehiatu ahal izatea euskal herritargoan oso zabalduta dagoen sentimendua da, edozein motako kirol ekitalditan zein lehiaketa ospetsuetan, banaka izan zein taldeka. Baina, zoritxarrez, hutsune nabarmen bat daukagu: euskal selekzio ofizialen eza. Edozein kirolen nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko eskubidea daukagu, gainerako nazioek bezala. Horregatik, euskal selekzioek nazioartean ofizialki parte hartzeko aldarrikapenak gero eta gizarte babes zabalagoa dauka. Finean, nazioarteko aitortza baten beharra daukagu, gure selekzioek jokatzeko zein lehiatzeko eskubidea izan dezaten eta guk euskal selekzioa eta gure kirolariak babestu eta anima ditzagun.
«Gure Eskuko kideok Behobian izango gara. Horretarako, korrikarako milaka txapel banatuko ditugu, ikurrina zein euskal selekzioaren aldarrikapena herri libre batean elkarlotzen diren biserak»
Herri Libre Bat! kanpaina diseinatzen hasi ginenean, hainbat kirolarik egindako ekarpen nagusiena zein selekzioarekin lehiatu nahi zuten erabakia askatasunez hartzeko aukera izan zen. Hain zuzen ere, herri libre batean kirolariek zein selekzioarekin lehiatu nahi duten askatasunez erabaki ahal izateko aukera izan behar dute, eta gaur egun eskubide hori ukatzen ari zatzaizkie, ofizialtasunik ez dagoelako. Arazo hau Bagara! ikus-entzunezko maratoian ikustaraztea gure asmoetako bat bilakatu zen.
Pertsona ezberdinekin kezka hori partekatu genuen, alegia, nola irudikatzen genuen gure koloreen presentzia zein selekzio nazional baten aldarrikapena ikus-entzunezko maratoi batean? Erantzuna begi bistakoa zen, Behobia-Donostian ekimen bat egin behar genuen. Hori dela eta, Gure Eskuko kideok Behobian izango gara. Horretarako, korrikarako milaka txapel banatuko ditugu, ikurrina zein euskal selekzioaren aldarrikapena herri libre batean elkarlotzen diren biserak.
Behobia-Donostiako azken kilometroan, Sagues inguruan, ikurrin petoak daramaten Gure Eskuko boluntario talde bat egongo da biserak banatzen. Parte hartuko duten korrikalariei boluntarioengana hurbildu, txapela hartu eta helmugako azken metroak gure koloreak daramatzaten biserekin egiteko deia luzatzen diegu. Ezina ekinez eginaz iritsiko gara gure helburura.
Azkenik, Behobia-Donostian parte hartuko duten munduko nazionalitate ezberdinetako korrikalariei ongietorria eman nahi diegu. Gure herriaz zein lasterketaz gozatzea opa diegu, eta nahi izanez gero, bisera hartzeko gonbita ere luzatzen diegu. Izan ere, elkar ulertze eta errespetutik, inongo inposiziorik gabe, munduaren aurrean aurkezteko modua edota gure koloreak zeintzuk diren erabaki ahal izango dugu.