Behobia-San Sebastian: herrikoitik gutxi, turistifikaziotik asko
Behobia-San Sebastian lasterketa bueltan da, eta lehen izen emateak zabalik dira jada. Oraindik ez dakigu zein izango den aurtengo korrikalarien kopurua, baino ideia bat egin dezakegu. 2015ean, lasterketak bere partaidetza puntu gorena lortu zuen, korrikalari kopuru handiena erregistratuz, 34.000 inguru. Ordutik, parte hartzaileen kopuruak behera egin badu ere, iaz, trenbide bidezko garraioan arazo logistikoak direla eta, 27.000 inskripzio izan ziren guztira.
Dortsal orokorra erosteko epea maiatzaren 7an irekiko da, baina badaude lehenago lortzeko aukerak ere. Ohiko korrikalariek, adibidez, apirilak 2tik erosi dezakete beraien dortsala, errepikatzen dutenentzako oparitxo gisa detaile polita, aurreko urtean sei ordutan 17.000 dortsal saldu zituztela kontuan izanda. Baina, lasai, badago beste lasterbide bat: pakete turistikoa erostea, hori ere apirilak 2tik dago irekita. Kontuan izanda, lehengo urteko datuen arabera, parte hartzaileen %78 Gipuzkoa kanpotik datozen korrikalariak direla, negozio biribila prestatu dute antolatzaileek. Pakete turistikoan soilik hamabi hotel daude aukeran, baina, lasai, promozio hau gabe geratzen direnentzat milaka pisu turistiko eta 160 hotel inguru geratzen dira oraindik gure Donostian.
Askotan, esaten digute kirol makro ekitaldiek aberastasuna dakartela, eta munduaren aurrean herri gisa aurkezteko aukera direla. Baina betikoek betetzen dituzte poltsikoak. Ez herritarrok, ez langileok, ez dugu aberastasun hori jasotzen. Adibide bat: hotelek izaten dituzten irabazien %20 soilik bideratzen dute soldatetara. Hala ere, administrazioak horrelako kirol jarduerak turismoaren promoziorako erabiltzen jarraitzen du. Gure kultura, izaera, hizkuntza… munduari erakusteko. Gaur, Behobia-San Sebastian, bihar errugbia eta, laster, 2030ean, munduko futbol txapelketa. Hiriaren mugek noiz arte aguantatuko dute?
«Gaur Behobia-San Sebastian, bihar errugbia eta, laster, 2030ean, munduko futbol txapelketa. Gure hiriaren mugek noiz arte aguantatuko dute?»
Donostian turistifikazio basatia ematen ari den bitartean, etxebizitza larrialdia, gune berdeen artifizializazioa, lan prekaritatea, bizilagunen kanporatzea eta abar luze bat sufritzen gabiltza donostiarrok.
Desazkunde turistikorako norabidea hartu beharra dugu, beste hiri eredu bat dugulako ortzi mugan. Guk beste mota bateko ekitaldiak nahi ditugu, auzo bizitza bultzatzen dutenak, ekimen komunitarioak eta autogestionatuak bultzatzen dituztenak, auzotik eta auzoarentzako direnak. Horretarako, herritarrei eta auzoetako elkarteei erraztasunak jarri behar zaizkie, kalearen merkantilizazioarekin bukatuz. Ez gaur egun egiten den moduan, ekimen masibo eta enpresa pribatuei alfonbra gorria jarriaz. Turistifikaziotik gutxiago, eta herrikoitik gehiago duen Donostia nahi dugu.