Belaunaldi baten kemena
Ez da erraza izaten egun belaunaldi berrietan borrokarako grina piztea. Arrazoiak sobera dauden arren, bake soziala zein despolitizazioa bizi dugu gure gizartean. Testuingurua bere horretan onartutzat eman, edota aldaketa erreala ezinezkotzat jotzen da askotan.
Maiz ezkerrari aurpegiratu izan zaion kontua izan da aldarri hertsiegiak erabiltzearena. Nolabait esatearren, gehiengoak zure proposamen politikoa onar dezan, ohitura dago muturreko aldarriak baztertzeko, zure helburuak lausotzeko edota gizarte zabalaren oniritzia lortzearren zure lan politikoa mugatzeko. Horrela sortzen dira, ustez, «gehiengo zabalak» onar ditzakeen lelo edo esloganak.
Duela astebete, ordea, Gazte Koordinadora Sozialistak «burgesiaren ofentsibaren aurrean, gazte langileok borrokara» lelopean milaka gazte atera zituen Bilbon eta Iruñean egindako manifestazioetan. Inongo konplexurik gabe, enpresari eta bankarien jardun bidegabea salatu, politikarien konplizitate osoa kritikatu, eta bandera gorriak eskuetan, Estatu Sozialista aldarrikatu zuten kaleetan.
Harritzekoa bada, alde batetik, ia bere osotasunean gazteez osatutako mobilizazioak izan izana, eta bestetik, manifestazioetara deitzeko egindako lan eta propaganda politikoak. Honek zera demostratzen du; komunismoaren ideia bera, belaunaldi berrien joera kultural berri gisa agertzen hasia dela. Eta hau ez da zorizko gertaera bat.
Oro har, jende gutxi geratu da mobilizazioaren berri jakin gabe. Batzuek ez dute oraindik interesik izan mobilizatzeko, beste batzuek ez dute bat egin GKS-ren proposamenarekin, baina hemen arrakasta beste zentzu batean neurtu behar delakoan nago: Estrategia komunista jarraitzen duen proposamen politikoarekin lehen kontaktua izan dute milaka gaztek, eta horietatik asko izan dira kaleak hartzera animatu direnak.
Gazte belaunaldi berri bat borrokarako arrazoiak sobera badirela adierazten ari da, eta ogi apurretatik haratago, eta disimulurik gabe, Estatu Sozialistaren beharra azaleratuz. Bat egin edo ez, milaka gazte hauen aldarriek errespetua merezi dute, eta agian, hurrengoan, milaka gazte hauez gain, belaunaldi ezberdinak izango dira lehen lerroan. Ofentsiba honek ez baitu adinaren arabera barkatzen.