Beldurrezko generoaren oinordetza madarikatua
Filma: Hereditary
Zuzendaria: Ari Aster
Urtea: 2018
Herrialdea: Ameriketako Estatu Batuak
Zinean, bizitzan bezala, gehiegikeriek ez dute asko laguntzen. Ez da gaurko gauza, beti egin izan ohi da, baina badago azken boladan hainbat filmei buruz hitz egiterakoan euren balioa puztearen joera bat, batez ere beldurrezko filmak direnean. Atzera eginez, beldurrezko generoan izan dira noizbehinka une gogoangarriak, batzuetan kultura fenomeno edo mugarri izatera iritsi direnak ere: 30eko hamarkadan Dracula (1931) eta Frankenstein (1931); 40koan Val Lewtonek ekoiztutako filmak; 50ekoan Hammer ekoiztetxearen filma berriztatzaileak; 60koan Hitchcocken Psycho (1960), Polanskiren Rosemary’s Baby (1968) edo Romeroren Night of the Living Dead (1968); 70ekoan The Exorcist (1973), The Texas Chain Saw Massacre (1974), The Omen (1976) edo giallo zinema; 80koan The Shining (1980), Friday the 13th (1980), A Nightmare on Elm Street (1984) edo Hellraiser (1987); 90ekoan Scream saga (1996-2011), Ringu (1998), The Sixth Sense (1999) edo The Blair Witch Project (1999); eta 2000ko hamarkadan Ekialde Urrunetik datozenak (Dark Water (2002), Ju-on (2002), One Missed Call (2003)…), 28 Days Later (2002), Låt den rätte komma in/Let the Right One In (2008), Martyrs (2008), eta [REC] (2007-2014), Saw (2004-2017) edo Paranormal Activity (2007-2015) sagak.
Luze joko luke beldurrezko filmei buruz hitz egiteak, baina azken urteotan badira hiruzpalau honelako esaldiekin bultzatu dituztenak: “Hamar urtetan ikusi den beldurrezko filmik hoberena”, “Zalantzarik gabe aurten ikusi den filmik beldurgarriena” edo “Beldurrezko generoa berritu duen filma”. Gogoratzen dudanez, hauek dira antzeko leloekin deskribatuak izan direnak: The Cabin in the Woods (2012), The Purge (2013), The Conjuring (2013), It Follows (2014), The Witch (2015), Get Out (2017), It Comes at Night (2017) edo A Quiet Place (2018). Eta zerrenda honetan azkenekoa hemen aztertzen dugun filma da: Hereditary.
Ari Aster zuzendariaren lehen film luzearen sustraietan beldurrezko generoaren erreferentziazko film batzuk hauteman daitezke, hala nola aipatutako Rosemary’s Baby, The Exorcist edo The Shining, baina hauen oihartzunek ez dute filma estimagarriagoa bihurtzen. Egia esan, hasieratik txundigarri iruditu zitzaidan proposamenak (zein hasiera bikaina, familiaren etxearen eta amak egiten dituen maketen eskalen arteko konparaketa) behera egin zuen aurrera zihoan heinean, ez baitzuen lortu beldurrezko film hoberenek lortu ohi dutena: urduritasuna eta estutasuna. Hereditaryk bi edo hiru eszena distiratsu eta zirraragarri ditu, noski, eta musika eta soinu aztoragarriekin asko jokatzen du, non Colin Stetson poli instrumentistaren ekarpena bikaina den. Aktoreen lana azpimarragarria da baita ere. Maketa bitxi samarrak egiten dituen eta ama-matriarka galdu berri duen Anniek (Toni Collette) jauzi emozional nabarmenak ditu, filmako gorabeherengatik justifikatuak. Berarekin Steve senarra (Gabriel Byrne) eta ezin desberdinago diren bi seme-alaba bizi dira. Seme zaharrenak, Peterrek (Alex Wolff), beste nerabe filma batetik ateratakoa dirudi eta gertatzen zaion guztiak txundituta uzten du behin eta berriz. Baina filman dagoen harribitxia 13 urteko Charlie neskatoa da (Milly Shapiro). Hemen casting arduradunak saria beharko luke, Charlie bezalako norbait aurkitzea mirari hutsa iruditzen baitzait. Psychon gertatu bezala, Hereditaryk norabide aldaketa harrigarri bat hartuko du hogeita hamabosgarren minutu inguruan eta filmaren erdia baino gehiago horregatik baldintzatua izango da. Mingain klaskaz lagunduta ere.
Dena den, Hereditaryren erraiek familia baten desegiteaz dihardute, eta familia horren oinordetza madarikatuak bata bestearen atzetik jarraituko du, matrioxka amaigabe batean sartuta egongo balira bezala. Gogoratu hasieratik horrela aurkeztua zela filma, maketa batean murgilduz protagonisten etxean sartzen baikinen, eskalekin sekulako jokoa sortuz eta ikuslearen ikusmina sustatuz. Hala ere, lehenago aipatu dudan bezala, ez dut uste Hereditaryk beldurrezko generoa aldatuko duenik, baina tentsioan egotea gustuko baduzue, ez galdu aukera. Ah, eta ohar bat: kontuz zutoinekin.