Beldurrik gabe hazi
Txikia adjektiboa ez dut gustuko: konformismoa edo umiltasun faltsu hori ekartzen didalako burura. Ea ondo azaltzen dudan, eskuak burura eraman baino lehen. Pertsona bat, herri bat edo lorategiko ipotx bat txikiak badira, ederki. Tamaina fisikoaz ari gara, eta horraino, dena ongi: txikia hitza ederki doakie kasu honetan, baina aldizkari bat ezin da sekula txikia izan. Ulertzen nauzue, ezta?
Horregatik, kasurako, ez nuke esango sekula Irutxuloko Hitza txikia denik. Ez baita txikia. Gertuko hitza atsegin dut, ordea, hurbiltasuna, alboan dagoena edo «handiei» (argh) eskapo egiten diena, nahita ala ez, ikusten duelako eta hortxe ezartzen duelako begirada, indartsua delako horretan eta beste gauza batzuetan. Tamaina murritzeko talde batek lan handia egiten duelako, argi, fin eta zorrotz, gustatu ala ez. Eta hor dago bere giharra, bere handitasuna.
Ez sinistu sekula txikiak zaretenik. Txikiena ere handia, erraldoia eta unibertsala izan daiteke eta. Diotenez, pertsona bat ez da askoz gehiago hazten 15 urte inguru bete ondoren; ba, zuek kontrakoa erakutsi duzue: 15 urte bete eta hazten ari den pertsona talde bat baitzarete, eta haziko zarete. Hau da marka. Marka handia, gainera.
Lehenengo, hamabost izan bitez; gero, hogeita hamar; eta gero gerokoak.
Zorionak, eta modu handian ospatu, arren, merezitakoa da eta.