Beñat Gaztelumendi: 'Elkarlana'
“Egin kontu, 5.700 hizkuntza ezberdin desagertu dira historian. Esaten dutenez aurrerabidea elkar-jan horretan oinarritu da mendeetan zehar”. Eta irudiak etortzen zaizkigu burura; Andeetako herri galdu bateko hortzik gabeko azken hiztuna, zaraitzuera zekien azken amona eta beren hilobiak imajinatzen ditugu, izen-abizenen ondoan “manera”, “eyaka”, “ubyha” idatzita, ohartu gabe hizkuntza bat ez dela azken hiztunarekin hiltzen azkenaurrekoarekin baizik, hizkuntza ez baita hiztegi bat soilik, gramatika bat soilik; jarduna da ezeren gainetik, zubia: hizkuntza herriko futbol taldea delako, herriko antzerki taldea, ostiral gaueko kontzertuak eta astelehen goizeko laneko bilera.
Eta hasten gara hizkuntza berreskurapenaz hizketan; ahoa betetzen zaigu “konpromiso” bezalako hitzekin. Eta norbere konpromisoa behar da, noski, hizkuntza hautua ere badelako, baina hizkuntza ez da konpromisoa bakarrik, harresiak ere botatzeko adinako konpromisoa duen euskaldun militanteak nekez eutsiko baitio bere hautuari inon zubirik topatu ezean. Eta hiztunak konkistatzeaz kezkatzen garen arren, ez ote genuke espazioak lortzearekin kezkatu beharko? Espazio jendezkoak, noski: aisialdi taldeak, tabernak, lantegiak, musika taldeak.
Bagenuen irakasle bat goizero esaten ziguna, erdi-txantxetan, “bertsolari harroputzok uste duzue zuek salbatuko duzuela euskara”. Ez, euskarak ez du salbatzailerik behar. Gu klasetik atera eta bertso-eskolara joaten ginen, gaur egun Donostian dozenaka lagun joaten diren bezala, eta eremu liberatu bat topatzen genuen bertan, gure hizkuntza-hautuari arnasa ematen ziona. Gu jolasetik pasa ginen solasera. Eta orain, Bertsolari Txapelketa Nagusia heldu den honetan, denok begiratzen diogu oholtza hotzari oinarria ikustea ahaztuta; astea joan eta astea etorri, hiru orduz espazio libreak konkistatzen ari baikara, eta astero erratz baten aurrean kantatzen duten horien espazio liberatuak ospatzen. Nahi baduzue, ostiral arratsaldeetan Añorgara etortzea besterik ez duzue. Hizkuntzen elkar-janaren aurrean hiztunen elkarlana behar delako.